Masters txapelketarekin itzuliko da pilota profesionala Beti Jai frontoira

Erredakzioa 2021ko uzt. 12a, 14:55

Masters txapelketaren aurkezpena egin dute Gasteizen. V-G

Altuna III, Zabaleta, Ezkurdia, Tolosa, Elezkano II, Rezusta, P. Etxebarria, Martija, Olaizola II, Aranguren, Jaka, Imaz, Peña II, Mariezkurrena II, Urrutikoetxea eta Albisu pilotariek parte hartuko dute.

Pilota profesionala Beti Jai pilotalekura itzuliko da Masters CaixaBank txapelketarekin, uztaila eta iraila bitartean jokatuko diren partidekin. Masters txapelketa bere kategoriako ekitaldi garrantzitsuena da. Hasteko, ligaxka formatuan jokatuko da, zazpi jardunalditan; ondoren, kanporaketak, finalerdiak eta Gasteizen egitekoa den finala jokatuko dira. Pilotari hauek hartuko dute parte: Altuna III, Zabaleta, Ezkurdia, Tolosa, Elezkano II, Rezusta, P. Etxebarria, Martija, Olaizola II, Aranguren, Jaka, Imaz, Peña II, Mariezkurrena II, Urrutikoetxea eta Albisu.

Uztailaren 24an inauguratuko da berriro pilotalekua, eraberritzeko lanen ondoren. Santiago Egunaren bezperan bi partidako jaialdia antolatu da, Masters txapelketaren bigarren jardunaldiaren barruan. Abuztuaren 7an, berriz,  txapelketaren 4. jardunaldia izango da. Bi partida eskainiko dira: aurretiazko partida, eta Masters txapelketaren 4. jardunaldiari dagokion partida nagusia. Azkenik, irailaren 19an txapelketaren finala. Hiru partidak osatuko dute jaialdia: aurretiazko binakako partida, txapelketaren finala, eta binakako partida bukatzeko.

Gasteizko Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek aurkeztu du gizonezkoen pilota profesionaleko udako programazioa, lehiaketan parte hatuko duten pilotariek lagunduta; bertan izan dira, halaber, Aspe eta Baiko enpresen ordezkari Inaxio Errandonea eta Unai Iglesias, eta CaixaBankeko Banca Retaileko iparraldeko merkataritza zuzendari Gorka Arana.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago