Jaietan eta udan zehar aire zabaleko ikuskizunak izango dira nagusi Gasteizen

Erredakzioa 2021ko eka. 14a, 13:30
Jaietako lehen eguneko kontzertuetako bat eskainiko du La Furiak. / TOM HAGENN

Uztailaren 6tik irailaren 5era bitartean, aire zabaleko 150 ikuskizun eskainiko ditu Udalak hiriko hamalau gunetan. Udako kultur programa horren barruan ospatuko dira Gasteizko jaiak, eta 60 hitzordu izango dira abuztuaren 3tik 8ra.

Gasteizko Udaleko Kultura Zerbitzuak astelehen honetan aurkeztu du udarako aire zabaleko kultur programazioa, eta baita Gasteizko jaietako egitarau ofiziala ere. Uztailetik irailera bitartean, 120 konpainiaren eskutik, askotariko formatu eta diziplinatako 150 ikuskizun eskainiko dira egokitutako hamalau gunetan; gune horiek hiriaren erdialdeko zein auzoetako plazak, lorategiak eta gune irekiak izango dira.

Horietatik, 60 inguru Gasteizko jaietan (edo ez-jaietan) izango dira, abuztuaren 3tik 8ra bitartean. Ez da txupinazorik egongo, ezta Zeledonen jaitsierarik edo blusa eta nesken egitaraurik ere, baina kontzertuak, bertso saioak, antzerkiak eta bestelako ikuskizunak eskainiko dira. Besteak beste, erraldoi eta buruhandien kalejirak izango dira egunero 13:00etan Judimendiko parkean; abuztuaren 4tik 8ra, berriz, Udal Musika Bandaren kontzertuak eskainiko dira 19:00etatik aurrera Zulueta Jauregiko lorategian.

Hamalau gune

Aire zabaleko esparru mugarrituak izango dira guztiak, eta gehieneko ikusle kopurua mugatuta izango dute. Publikoa eserita egon beharko da, eta segurtasun neurriak EAEn indarrean dagoen araudiaren arabera egokituko dira. Sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Honako hauek dira udan zehar, eta baita jaietan ere, ikuskizunak hartuko dituzten guneak:

  • Hegoalde gizarte etxearen eskailerak.
  • Judimendi parkea.
  • Gabriela Mistral kirol gunea (Salburua).
  • Iparraldeko parkea.
  • Aranbizkarreko parkea.
  • Arriagako parkea.
  • Poliedroen parkea (Ibaiondoko gizarte etxea).
  • Zabalganeko gizarte etxeko aurrealdea.
  • Santa Maria plaza.
  • Zulueta jauregiko lorategiak.
  • Elurtegiaren ingurua (Frai Zacarias Martinez kalea).
  • Falerina lorategia.
  • Fernandez de Pierola Apezpikuaren lorategiak.

Jaietako kontzertuak

Guztira 150 ikuskizun egongo diren arren, azken asteetan Gasteizko jaietako kontzertuak dira ikusmin handiena piztu dutenak. Izan ere, azken unera arte Iradier Arena bezalako espazio handien aukera aurreikusten zen, baina, azkenean, Iparraldeko parkea eta Falerina lorategia izango dira formatu txikiagoko kontzertuetarako gune nagusiak:

Iparraldeko parkea, 13:00etatik aurrera

  • Abuztuak 3: zehaztu gabeko kontzertua
  • Abuztuak 4: Trikoma
  • Abuztuak 5: Moni Garage
  • Abuztuak 6: Out Gravity
  • Abuztuak 7: Raul Romo House Friends
  • Abuztuak 8: Clarisse

Iparraldeko parkea, 21:00etatik aurrera

  • Abuztuak 3: La Furia + Ekiñe
  • Abuztuak 4: Moonshine Wagon
  • Abuztuak 5: Puro Relajo
  • Abuztuak 6: Joseba B. Lenoir
  • Abuztuak 7: La Mare
  • Abuztuak 8: Bulego

Falerina lorategia, 20:00etatik aurrera

  • Abuztuak 3: zehaztu gabeko kontzertua
  • Abuztuak 4: Kai Nakai
  • Abuztuak 5: Déjà Vu
  • Abuztuak 6: Aldakan
  • Abuztuak 7: Shiny Red Mood
  • Abuztuak 8: Montalbo

Euskal folklorea eta bertsoak, Santa Maria plazan

Santa Maria plazak historikoki Matxete plazak hartu ohi dituen ikuskizunak hartuko ditu, bereziki euskal folklorea, bertso saioak eta euskarazko ikuskizunak:

  • Egunero, 12:30etik aurrera: trikitixa emanaldiak
  • Egunero, 13:30etik aurrera: bertso saioak
  • Abuztuak 3: Dantza plazan, 20:30ean
  • Abuztuak 4: Eltziegoko gaiteroak eta lagunak, 20:30ean
  • Abuztuak 5: Xabier Aburuzaga, 20:30ean
  • Abuztuak 6: Hutsun
  • Abuztuak 7: Baltik
  • Abuztuak 8: Garikoitz Mendizabal eta Gorka Hermosa

Haurrentzako ikuskizunak Falerinan

Bertan iluntzean eskainiko diren kontzertuez gain, jaietan zehar eguerdiro, 12:00etan, haurrentzako ikuskizunak izango dira Falerina lorategian:

  • Abuztuak 3: Deabru Beltzak, Diberti-dantza
  • Abuztuak 4: Lanku, Urpekariak
  • Abuztuak 5: Kontukontari, Jolasean Isasi, musikaz Isasi
  • Abuztuak 6: Imaginaciones Nai, Tik tak
  • Abuztuak 7: Erre produkzioak, Una de piratas
  • Abuztuak 8: Eidabe, Gora kasete

Umorearen txokoa eta jotak

Bestalde, Fernandez de Pierolaren lorategietan, jota emanaldiak eskainiko dira egunero 12:00etan. 19:00etatik aurrera, ordea, lorategia umorearen txoko bihurtu eta monologoak zein umorezko antzezlanak eskainiko dituzte bertan:

  • Abuztuak 3: Gorka Aginagalde eta Iñigo Salinero
  • Abuztuak 4: Txabi Franquesa
  • Abuztuak 5: Oscar Terol
  • Abuztuak 6: Ismael Pereira, Mitxel Santa Maria eta Iñaki Maruri
  • Abuztuak 7: Nerea Garmendia
  • Abuztuak 8: Valeria Ros

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide