Aste honetan, udako programazioaren berri eman du Gasteizko Udalaren Antzoki Sareak, Kultura zinegotzi Estibaliz Cantoren eskutik. Uztailaren 14tik abuztuaren 8ra bitartean, hamaika ikuskizun izango dira Principal Antzokian; guztira, 21 emanaldi eskainiko dira, eta komedia eta musika izango dira nagusi.
"Urtebete daramate antzokiek zabalik, osasun neurriak zorrotz aplikatuz eta ordutegi eta edukiera mugetara egokituz. Orain ozen esan dezakegu kultura eta antzokiak seguruak direla", azpimarratu du Cantok. "Egitarau fresko bat proposatu dugu, komedia askorekin eta aktore garrantzitsu eta ospetsuekin; ziur nago une oso atseginak igarotzeko aukera emango digutela", gaineratu du.
Udako denboraldiko sarrerak uztailaren 7an 10:00etan jarriko dira salgai, eta leihatiletan, telefonoz eta Internet bidez erosi ahal izango dira.
Jazzaldia
Denboraldia Gasteizko Nazioarteko Jazzaldiaren 45. edizioak irekiko du, Jazza Antzokian zikloarekin. 18:00etan hasiko diren bost kontzertu egingo dira uztailaren 14tik 18ra bitartean Principal Antzokian: uztailaren 14an, Miguel Salvador Quartet; uztailaren 15ean, Gonzalo del Val Trío feat. Benet Palet; uztailaren 16an, CMS; hilaren 17an, Lucia Martinez & The Fearless; eta, azkenik, hilaren 18an Maciej Obara 4tet.
Kasu honetan, sarrerak Principal Antzokiaren leihatiletan, telefonoz eta Internet bidez eskuratu ahal izango dira. Abonamenduak ekainaren 16tik aurrera, eta sarrerak ekainaren 25etik aurrera.
Mikel Urdangarin
Udako denboraldiak Mikel Urdangarinen eskutik jarraituko du, euskarazko emanaldi bakarrean. Urdangarinek Izurdeen Lekua bere azken diskoa aurkeztuko du uztailaren 23an, 21:30ean. Berarekin Koldo Uriarte (teklatua), Rafa Rueda (gitarrak), Nika Bitchiashvili (biolina), Jon Cañaveras (baxua) eta Ander Hurtado de Saracho (bateria) izango dira.
Euskal Herriko Gazte Orkestra
Urtero bezala, aurten ere EGO Euskal Herriko Gazte Orkestra entzuteko aukera izango da Principal Antzokian. Uztailaren 26an, 19:00etan, Mozart eta Brahmsi eskainitako programa aurkeztuko dute.
Desmontando a Séneca
Uztailaren 29tik 31ra, Desmontando a Séneca komedia egongo da Principaleko agertokian. Antzezlana De la brevedad de la vida liburuan oinarritzen da, eta Jorge Javier Vazquez du protagonista. Guztira bost emanaldi egingo dira, proiekzioekin, musikarekin, filosofiarekin eta umore askorekin.
La coartada
Abuztuaren 3an eta 4an, Txalo Produkzioak taldearen eskutik, Bernabe Ricok zuzendutako La Coartada thrillerra egongo da ikusgai, Gorka Otxoa, Maria Castro eta Miguel Hermoso aktoreekin.
Asesinos todos
Ondoren, abuztuaren 5ean eta 6an, Asesinos todos obraren txanda izango da, Pentación taldearen eskutik. Pep Anton Gómezek zuzendutako komedia klasiko honek Carlos Sobera, Neus Asensi, Elisa Matilla eta Angel Pardo ditu protagonista.
Una noche con ella
Udako denboraldiari amaiera emateko, abuztuaren 7an eta 8an, Loles Leon igoko da Principal Antzokiaren oholtzara, Una noche con ella lan berriarekin. Obra hau historiaren eta aktorearen bizitzaren azken 50 urteetako kontakizuna da, eta music hall eta kabaretaren lengoaia erabiltzen du. Aktore ospetsuarekin batera, Briel Gonzalez eta Fran del Pino arituko dira, Juan Luis Iborraren zuzendaritzapean.
Nazioarteko Antzerki Jaialdia
Jazzaldiaz eta aipatutako emanaldiez gain, Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 46. edizioa urriaren 10etik azaroaren 28ra bitartean izango da. "Tokiko eta euskal sorkuntza eszenikoa sustatzen jarraitzen dugu, eta nazioarteko proposamenak berreskuratzeko ere ari gara lanean. Era berean, arte eszenikoen hitzordu garrantzitsu honen nortasunaren parte diren antzezpenez gain, beste ekintza batzuk ere programatuko ditugu", adierazi du Cantok.
Oraingoz, jaialdian izango diren bi obra aurreratu ditu Udal Antzoki Sareak:
El hombre almohada
Urriaren 29an, El hombre almohada ikusteko aukera izango da Principal Antzokian, Martin McDonagh dramagile ingelesaren maisulanaren egokitzapena, David Serranoren zuzendaritzapean. Belen Cuesta, Ricardo Gomez, Juan Codina eta Manuela Paso dira protagonistak.
Las noches bárbaras
Azkenik, azaroaren 4an, Herve Kouvi koreografo aljeriar-frantsesaren Las noches bárbaras dantza ikuskizuna izango da Principal Antzokiaren agertokian. Mozart, Fauré eta Afrikako musika tradizionala hip-hop kulturarekin eta capoeirarekin nahasten ditu Houvik.