Azken asteotan atrakzioak instalatu ahal izan dira Lakua-Arriaga, Judimendi, Arana eta Zabalgana auzoetako jaien harira. Baina, horrez gain, uztailaren 21etik abuztuaren 15era bitartean feriako bost atrakzio eta txurro-denda bat paratuko dira aisialdirako hiru gune mugatutan: Lakua-Arriagan (hurrengo hilabetetan egingo den aparkalekuko lursailan), Salburuan (Varsovia hiribidea eta Salburua hiribidearen artean) eta Zabalganean (Bastida kalea eta Sofia Erreginaren hiribidearen artean).
Aldiz, aurten baztertu egin dute Mendizabaleko feria-lekua. "Ahalegina egin dugu, oso kontuan hartuta ferianteen kolektiboak bizi duen egoera. Lanera itzultzea benetan zaila da ferianteen kasuan, eta lagundu egin nahi ditugu, batetik lan egiteko aukera emanez, eta bestetik segurtasuna bermatzen", azaldu du Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok. "Horrez gain, barraken eskaintza auzoetan barrena banatzea erabaki dugu. Eta aurten Andre Maria Zuriaren jairik ez denez izango, ez zaigu egoki iruditu Mendizabalean barrakak ipintzea".
"Hitzarmen hau osasun-krisialdiak gehien kolpatu duen sektoreetako batentzako une kritikoan dator; izan ere, 15 hilabete darama sektoreak ekonomia-jarduerarik egin ahal gabe", esan du AFEVI Araba eta Gasteizko ferianteen elkarteko eledun Angel Lamelasek.
Zabalganeko jaiak datozen egunetan hasiko dira, eta bi gune prestatu dira auzoan atrakzio horiez gozatzeko: bat Mahatma Gandhi kaleko aparkalekuan, eta bestea Bastida kalearen eta Sofia Erreginaren hiribidearen arteko sail batean. Gainera, Pilareko jaien harira Konstituzio plazan paratzen den feria-lekuaren iraupena luzatzea erabaki dute. Horrenbestez, aurten urriaren 1etik 17ra bitartean izango da irekita gune hori.