AEKren 'Bultza euskaltegiak!' ekitaldia Andre Maria Zuriaren plazan izango da

Erredakzioa 2021ko mar. 5a, 17:11

'Bultza euskaltegiak' kanpainarekin Korrikaren hutsuneari aurre egin nahi diote. / AEK

Korrikaren ordez, martxoaren 28an ekitaldiak antolatuko ditu AEKk, Bultza euskaltegiak, bultza euskara lelopean. Euskal Herriko beste hainbat txoko eta plazen artean, Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan ere izango da hitzordua, 12.00etan.

Martxoaren 28an amaitzekoa zen aurtengo Korrika, pandemia iritsi izan ez balitz. Horren ordez, osasun neurrietara egokitutako ekitaldiak antolatuko ditu AEKk egun horretan Euskal Herriko hainbat herritan, eguerdiko hamabietan. Momentuz, 45 gune baieztatu dituzte, eta horien artean, Gasteizko hitzordua Andre Maria Zuriaren plazan izango da.

Euskal Herriak, beraz, ez du Korrikarik izango aurten, eta 22. edizioa 2022an izango da. Horrek kolpe gogorra suposatuko du AEKren diru iturrientzat, besteak beste; eta proiektuaren sozializaziorako ekimen nagusirik gabe geratuko dira. Horregatik Bultza euskaltegiak, bultza euskara dinamika abiatu dute. Herritarren, eragileen eta administrazioen babesa bilatuko dute dinamika horrekin.

 

Bultza euskaltegiak! Bultza euskara!

Otsailean aurkeztu zuen AEKk Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! dinamika berria, garai zail hauetan ere euskalduntze-mugimenduaren garrantzia plazaratzeko asmoz.

Euskal herritarren %55 erdalduna da, eta herritar helduen euskalduntzaren beharra azpimarratu du AEKk, "guztion eskubideak bermatzeko zubia delako". Hainbat ikerketaren arabera, azken hamarkadetan euskal jendarteak irabazi dituen hiztun berrietatik heren bat euskaltegietatik atera da.

Urtero, baita pandemiak eragindako ezohiko ikasturte honetan ere, 45.000 herritarretik gora euskara ikasten ari dira euskaltegietan: "Bide onetik goaz, beraz, euskaltegi sendoak behar ditugu".

Hala eta guztiz ere, arlo horren finantzaketa nahikoa ez dela uste du AEKk, eta "bultzada estrategikoa" eskatu die EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko administrazioei.

Hortaz, Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! kanpainak hiru ardatz izango ditu:

  • 2021eko gutuna. Gutun bat helaraziko die AEKk Euskal Herriko hiru administrazio nagusiei, datozen urteetan euskalduntze-mugimenduak nolako baldintzak izan behar dituen jasota. Rikardo Arregik 1966ko urtarrilean idatzitako gutunetik, 2021eko apirileko eskutitzera igaroko da AEK.
  • Herritarren bultzada nahi du AEKk, aurten ere euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin. Hori dela eta, Euskal Herriko hainbat tokitan Bultza Euskaltegiak! ekitaldi xumeak antolatuko dituzte martxoaren 28an.
  • Ekarpen ekonomikoak: Korrika atzeratzeak zuloa eragin du AEKren aurrekontuan, eta hasiera batean banku bidezko finantzaketaren bitartez eman diote erantzuna. Zorpetze horri ere aurre egiten laguntzeko herritarren sostengua behar dute, 2022ko Korrikan "babes erraldoia" jaso aurretik. AEKren webguneko lotura honetan ekarpenak egiteko aukera dago; horretarako hiru aukera eskaini dituzte: Bizum, kreditu-txartela eta transferentzia.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago