Martxoaren 14an sortu zen Batera zaintza sare herritarra, duela bi hilabete eta erdi, eta alarma egoera zein konfinamendu neurriak indarrean sartu baino egun bat lehenago: "Egoera berezi honek zaintza behar espezifikoak eragingo zituela ulerturta, martxan jarri genuen elkarzaintza sare komunitario hau", gogoratu dute.
Horrela, itxiladian zehar auzoz auzo antolatutako elkar-zaintza sarearen amaieraren berri eman dute larunbat honetan. Azaldu dutenez, hasieratik argi izan dute ez dutela zaintza lanetan ibiltzen diren langile profesionalen lana ordezkatu nahi: "Zerbitzu publikoetako zein sare pribatuko langileen lana ezinbestekoa da".
"Bermatu gabe geldituko ziren beharrak" suertatuko zirela aurreikusi zutela diote, eta gizarte zerbitzuetako arduradunek "beharrezko neurriak hartuko ez zituztelakoan", egitasmo herritarra martxan jarri zuten. "Tamalez, ez ginen konfunditu, ziurtatu dute.
Elkar-zaintzeko sarean antolatzen hasi zirenetik herritarrek erakutsitako "lan egiteko prestutasuna" goraipatu dute agerraldian. Izan ere, sortu eta egun gutxiren buruan, 2500 sarekide inguruk osatzen zuten komunitatea, auzoz auzo. "Hilabete hauetan elkar zaindu gara, erosketak egin dizkiogu elkarri, haurren zaintza lanetan ibili gara… Finean, gure komunitatearen beharretaz arduratu gara".
Horiek guztiak "keinu txikiak" izan direla diote, baina "aldaketa txiki askok aldaketa handi bat suposatu dezaketela" azpimarratu dute.
Zaintzaren inguruko hausnarketa
"Kontzienteki ala inkontzienteki, sarearen antolakuntzak zaintza birpentsatzeko ariketa kolektiboa suposatu du", azaldu dute. "Zaintza eremu pribatuetan eman ohi da, etxeetan, eta emakukemeon bizkar gainean erortzen da gehienetan, errekonozimendurik gabe".
Gainera, ohartarazi dute etxe guztietan ez dela zaintzarik ematen, ezta jasotzen ere. Bateraren esperientzia "zaintza kolektibizatzeko pauso txikia" izan dela ondorioztatu dute: "Zaintzari merezi duen garrantzia emateko beste pauso bat, zaintzak gure gizartean hartzen duen lekuaren inguruan hausnartzeko modu bat".
Sarearen ibilbidean arazo asko identifikatu dituzte: isolamenduak eraginda, krisi ekonomikoak bizitzetan izan duen eraginaren ondorioz emandakoak… Horietako batzuk osasun krisiaren ondorio izan direla, baina beste asko krisia hasi baino lehen existitzen zirela gogorarazi dute. Horrekin batera, gizarte zerbitzuen erantzunak berandu iritsi direla edo nahikoak izan ez direla ohartarazi dute.
Egoera "benetan kezkagarria" dela deritzote, eta Gasteizen arazo larriak dituzten bizilagun ugari daudela gogorarazi dute: "Jatekorik ez dutenak, alokairua ordaintzeko zailtasunak dituztenak, kaleratze arriskuan daudenak eta kalean bizi direnak", besteak beste.
Udalaren erantzuna
Azaldu dutenez, "egoeraren larritasuna ikusirik", bilera bat eskatu zioten Udalari, erradiografia konpartitu bat eta konponbideak bilatzeko asmoz. Baina Gorka Urtaran alkatearen udal gobernuak ezezkoa eman zien, ez zuela haiekin bilerarik egingo. "Oso larritzat" jo dute Udalaren jarrera.
"Sistema demokratiko batean haien ardura da herirtarrokin hitz egin eta arazoei aterabidea ematea, baina oso urruti gaude eszenatoki horretatik antza", deitoratu dute.
Kalitatezko zaintza sistema publikoa
Baterako kideen ustez, agerian gelditu dira zaintza lanak antolatzeko moduak dituen "gabeziak", eta gizarte zerbitzu publikoek dituzten "hutsuneak". Hala ere, azken hilabeteetan, "zaintza lanen ezinbestekotasuna" askotan aipatu dela diote: "Zaintza lanek ezin dute etenik izan, funtsezkoak dira; oraindik, ordea, ez zaizkie merezi duten errekonozimendua ematen".
Gogora ekarri dute Gasteizen ere, jendarte eragile eta mugimenduek zaintza sistemaren egoera salatu dutela: besteak beste, Arabako pentsionisten eta esku-hartze sozialeko langileen aldarrikapenak eta sektore honetan eman den "egoera prekarioa" aipatu dituzte.
"Ez dituzte behar beste segurtasun neurri izan, zerbitzu askotan ez dituzte plantillak indartu… langileak egoerara moldatu behar izan dira haien baliabide pertsonalak erabilita, eta honek erabiltzaile eta langileen osasunean eta bizitzetan eragin zuzena izan du", azaldu dute.
Eta kritikatu dute agenda politikoan zaintzari ez zaiola behar duen garrantzia ematen: "Gaur eta hemen, kalitatezko zaintza sistema publikoa aldarrikatzen dugu, eta horren alde lanean jarraituko dugu".
Krisiaren aurrean, komunitatea
"Aurrean krisi ekonomikoa eta zaintzaren krisia dauzkagu, eta krisi horrek bizitzak kaltetuko ditu", ohartarazi dute. "Komunitatean antolatzeko arrazoiak ez zaizkigu falta beraz, gure sareak birpentsatzeko unean gaude".
"Orain ez gaude etxean, kaleetan gaude, auzoetan, komunitateen espazio naturaletan, harremantzen garen lekuetan", adierazi dute, eta auzoz auzoko sareak indartzeko deia luzatu dute: "Datorrenari elkarrekin erantzungo diogu, inor atzean uzti gabe".
"Kalean eta komunitatean" lan egiten jarraitzeko asmoa agertu du Baterak: "Bizitzak zaintzen, defendatzen eta borrokatzen jarraituko dugu. Agurrik ez, auzoan ikusiko dugu elkar".
Telefonoa erakundeen esku
Hilabete hauetan Batera zaintza sare herritarrak telefono bat erabili du, eta bertan "gasteiztar askoren miseria asko" entzun dituztela azaldu dute: "Langabezia, jatekorik ez izatea, etxetik kaleratzeko arriskua, dependentzia duten pertsonak zaintzeko baliabideen existentzia eza...".
Egoera horiei aterabidea ematea "instituzio publikoen ardura" dela uste du Baterak. Horregatik, gaurko agerraldian, telefonoa eta horrek dakarren ardura Gorka Urtaran alkateari eta Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari pasatzeko asmoa adierazi dute: "Haien ardura da Gasteizen horrelakoak gertatzea, eta ez gertatzea ere haien esku dago".