Batera izeneko zaintza sare herritarra sortu du gasteiztar talde batek, eskolak eta hainbat lantoki itxi ostean, etxean gelditzeko luzatutako gomendioaren ondorioz "zaintza behar bereziak" sortu direlako.
Herritar talde honen ustez, zerbitzu publikoek ezin izango dute zaintza lan guztiari aurre egin: "Eskolara joan ezinik arreta behar duten haurrak, osasun egoeragatik erosketak egitera ere atera ezin direnak edo bakarrik eta inolako laguntzarik gabe gelditu diren pertsona nagusi asko daude", azaldu dute Batera sareko kideek.
"Geure buruak egoera honetan laguntzeko eskaintzen ditugu", adierazi dute. Jakintza tekniko berezirik gabe bada ere, egoeraren larritasunari "modu kolektiboan" erantzun nahi dioten gasteiztarrak direla azaldu diote ALEAri: "Komunitatearen elkarlanak eta gure arteko zaintzak bakarrik eman diezaioke aterabidea egoera honi".
Segurtasun eta prebentzio neurriak hartuko dituzte, bai arreta jasoko duten pertsonengan, baita zaintza lana egingo dutenengan. "Gure esku dagoen guztia egingo dugu koronabirusaren kutsatzea ekiditeko", ziurtatu du zaintza sare herritarrak.
Aipatutako beharren bat duten pertsonentzat eta zaintza lanak eskaintzen laguntzeko prest dauden lagunentzat baterazaindu@gmail.com helbide elektronikoaren bitartez harremanetan jartzeko aukera zabaldu dute.
Dozenaka boluntarioen sarea
Hasiera batean hogei bat lagunez osatutako Batera sareko kideek ALEAri azaldu diote egitasmoa aurkeztu eta ordu gutxitara, dagoeneko berrogei lagun baino gehiagok beraien burua eskaini dutela zaintza lanetan aritzeko.
Hortaz, Gasteizen, hirurogei pertsona baino gehiagoz osatutako zaintza sare herritarra dago martxan. Zaintza lan horien beharra duten pertsonei ere, "beldurrik gabe", laguntza eske idazteko deia luzatu diete antolatzaileek.