Covid-19 birusak eragindako krisiaren ondorioz zaintza lanetan eman zitezkeen gabeziak aurreikusita, 2.500 boluntario baino gehiago bildu zituzten berehala, auzoz auzo, 50 zonaldetan antolatutako zaintza komunitarioan.
Zaintza lan horiek aurrera eramateko baliabideak eta irizpideak eskaintzen dituen sarearen koordinazio taldeko kide da Martin Erkiaga (Gasteiz, 1995) Judimendi auzoko gaztea: "Zaintza behar ezberdinak modu komunitarioan, auzolanean, asetzeko ardura genuela pentsatu nuen", dio Erkiagak, eta beste lagun asko bezala martxan jarri zen.
Konfinamendua iragarri eta berehala martxan jarri zineten, koronabirusaren krisian zaintza erdigunean jartzeko. Zergatik da hain garrantzitsua momentu honetan?
Zaintza behar hauetako asko osasun krisia hasi aurretik existitzen zirela badakigu, eta egoera honek areagotu egin ditu. Beste behar asko, aldiz, testuinguruak eragindako beharrak dira: lanera joatera derrigortuta daudelako haurrak zaindu ezin dituzten gurasoenak, adibidez; edo isolamenduan bakarrik bizi diren bizilagunen beharrak, osasun arrisku egoeran daudenak... Egoera eta behar hauei aurre egiten ez zitzaiela ikusita, erantzukizuna gure egin eta forma eman genion ardura kolektiboari.
2.500 boluntariotik gora, 50 zonaldetan antolatuta. Nolakoa izan da herritarren erantzuna? Eta zer harreman mota garatzen ari dira?
Gasteiztarren erantzuna azkarra eta konprometitua izan da hasieratik. Milaka izan dira, zaintzaren gabeziaz jakitun, bere aletxoa jartzeko prest agertu diren herritarrak. Herritarrei esker forma hartu du honek, hamaika izan baitira adin zein jatorri anitzeko boluntariok proposatu dituzten ideia berriak. Guztiok batera egin behar dugu aurrera, eta gasteiztarrek erakutsitako elkartasuna ikargarria izan da. Hortaz, mezua argia da: elkar zaindu dezagun eta bizitzak erdigunean jarri ditzagun.
“Elkar zaindu dezagun eta bizitzak erdigunean jarri ditzagun”
Ez da erraza izango hainbeste jende telematikoki antolatzea…
Egia da hasieran hainbat disfuntzio eta zailtasun topatu genituela, baina denborak aurrera egin ahala, kolektiboki pentsatzen eta proposamenak egiten, irtenbideak topatzen joan gara. Ordu asko eman ditugu, eta egunero balorazioak egiten ditugu hutsuneak betetzeko. Gure oinarrian komunitatea, hurbiltasuna eta konfidantza daude, eta hortik abiatu ginen, ahalik eta gertutasun gehien eskaintzen duen formula bilatzeko: atariz atariko autoantolakuntza, alegia.
Nola eman diezue forma balore horiei?
Bagenekien ezinezkoa izango zela Gasteizko atari guztietara iristea; horregatik, auzoz auzoko eta Gasteiz mailako nolabaiteko antolakuntza behar zela ulertu genuen. Telefono bat (603 321 851) eta helbide elektronikoa (baterazaindu@gmail.com) aktibatu genituen harremanetarako, eta auzoetan whatsapp bidezko taldeak antolatzeari ekin genion. Auzoetara informazioa eraman eta bertako egoerak kudeatzen dituzten pertsonen lana ezinbestekoa izan da.
Dagoeneko martxan zaudete, baina jende gehiagorengana iristea beharrezkoa dela uste duzu?
Momentu honetan, egonkortu egin da boluntarioen kopurua, baina zaintza lan gehiago agertzen ari dira etengabe. Hala ere, gure azkenengo helburua komunitatea eraikitzea ere bada, beraz, komunitate bakoitza bere kabuz antolatzea litzateke onena; betiere guztion arteko koordinazioa mantenduz. Horretan jarri ditugu indarrak, eta ez hainbeste zenbakietan. Izan ere, zaintzaren krisia aspalditik dator eta koronabirusa gainditzen denean ere bertan jarraituko du.
"Zaintzaren krisiak bertan jarraituko du koronabirusa gaindituta ere"
Zeintzuk dira eman beharreko hurrengo urratsak?
Badirudi krisi gehiago iritsiko direla, eta hauei elkartasunez eta modu antolatuan erantzuteko komunitate indartsu eta osasuntsuak ezinbestekoak izango dira. Neoliberalismo indibidualizatzailearen aurkako txertoa topatzeko bidean pausu bat eman dugu, eta orain, ahalik eta gehien zabaldu behar dugu.
Zer egin beharko lukete zaintza sarean lagundu nahi dutenek?
Mundu guztia animatu nahi dugu auzokideekin harremanetan jartzera, bai laguntzeko prestutasuna agertzeko, baita zaintza beharrak dituen auzokidearekin hitz egiteko ere. Sarri, zaurgarriak garela onartzea kostatzen zaigu, baina pertsona guztiok, bizitzaren momentu askotan, zaintza jaso eta eman behar dugu. Sinestarazi nahi digutenaren kontra, bizirauteko gainontzekoen beharra dugu.
Behin urrats hori emanda...
Auzoetan sortutako sareetan parte hartzea garrantzitsua da. Hala ere, segurtasun protokoloak oso garrantzitsuak dira, eta edozein sintoma izanez gero, etxean geratu behar dugu. Horrek ez du esan nahi kasu horretan lagundu ezin dugunik; izan ere, balio bera edo handiagoa dauka sarearen berri zabaltzea eta beharrak dituzten pertsonengana heltzea.
Nire kasuan, adibidez, goizez telelanean jarraitzen dut, eta arratsaldez zaintza lanetan laguntzen ahalegintzen naiz. Denbora libre gehiago edo gutxiago izanda ere, badago zure aletxoa jartzeko modua.
"Krisi gehiago iritsiko dira, eta orduan ere komunitate indartsuak ezinbestekoak izango dira"
Eta laguntza behar dutenek?
Auzokidearekin harremanetan jar daitezen lehenesten dugu, bide eraginkor eta ziurrena delako. Horretarako aukera egon ezean, 603 321 851 telefonoa dugu martxan: bertara deitu eta zaintza beharra auzoko taldeak bideratuko du, hurbiltasunetik eta segurtasun protokoloak errespetatuz.
Argi dago krisi honek jendartea eraldatuko duela betirako.
Une traumatiko bat bizitzen ari gara, baina horrelako momentuak elkarrekin bizitzeak etorkizunera begira indartzen gaituela uste dut. Aspalditik mahai gainean dagoen gaia da hau, urteetan zehar mugimendu feministak egindako lanaren ondorioz. Egoera honek ispiluaren aurrean jarri gaitu, eta zaintza lanen inguruko herri eztabaida bat beharrezkoa dugula agerian geratu da, bizitzak erdigunean jartzeko.
Zaintza sare herritarren lanak arrastoa utziko du?
Ezin ditugu zaintza lanak era isolatu batean ulertu, bizitzaren beste alorrekin interkonekatuta daudelako; batez ere, arlo ekonomikoan. Edozein komunitatearen eginkizuna izan behar da bere kideen bizitzei erreparatzea, hauek zaintzea eta elkar laguntzea. Ezinbestekoa zaigu hemendik indarberriturik ateratzea, asko izango baitira etorkizunean izango ditugun zailtasunak. Guztiei era kolektiboan aurre egin beharko diegu, beraz desio bat baino, arrastoa geratzea eginkizuna da.