Koronabirusa

Alkateari zaintza koordinatzeko bilera eskatu dio Batera sareak

Erredakzioa 2020ko mar. 26a, 12:19

Ostegun goizean gutun bat helarazi dio Baterak udal gobernuari. / Gasteizko Udala

Beranduenez astelehenean erantzuteko eskatu diote Gorka Urtaranen udal gobernuari: "Ezinbestekoa jotzen dugu zuekin zuzenean harremanetan jartzea, koordinatzeko egon daitezkeen aukerak arakatzeko", adierazi du Baterak.

Bi aste bete ditu Batera zaintza sare herritarrak, eta ostegun goizean gutun bat helarazi dio Gasteizko Udalari bilera bat "ahalik eta lasterren" egiteko eskaerarekin.

Eskatutako bilera horretan Udalak eskaintzen dituen zerbitzu sozialekin koordinazioa mantentzeko aukerak baloratu nahi ditu zaintza sare herritarrak: "Helburua konpartitua delakoan gaude: herritar ororen zaintza beharrei segurtasuna bermatuz erantzutea", azaldu du Baterak, oharrean.

Zaintza beharrak eta horiek asetzeko oztopoak biderkatzen ari direla diote, ezohiko egoera honetan. Eta bitartean, jakin dute osasungintzako zein zerbitzu sozialetako langile asko herritarrak bideratzen ari direla Batera zaintza sarera, zaintza beharrei erantzuteko; udaltzain batzuk ere Batera erreferentzia gisa hartu dutela jakin dute.

Hala ere, Batera zaintza sare herritarrak hartutako ardurak baliabideen gabeziarekin topo egin du: "Ezinbestekoa jotzen dugu zuekin zuzenean harremanetan jartzea, koordinatzeko egon daitezkeen aukerak arakatzeko", gaineratu dute.

Bilera eskatzeko Batera zaintza herritarrak helarazitako dokumentua.

Hutsuneak identifikatu

Zaintza sare herritarraren eta udal zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzeaz gain, Gasteizen dauden zaintza beharren inguruko analisia eta argazkia konpartitu nahi dutela adierazi diote Gorka Urtaranen gobernuari. Gaur egun behar horiei aterabidea emateko eskuragarri dauden zerbitzuak ere aztertu nahi dituzte, "hutsuneak identifikatzeko".

"Gure arteko kooperazioa arlo guztietara zabaldu behar da, herritar guztion zaintza beharrak asetu nahi baditugu", ondorioztatu dute.

Bilera telematikoa

Baterako kideek bilera telematikoa izango litzatekeela argi utzi dute, "herritar guztien osasuna zaintzeko". Gainera, proposamenari, beranduenez, astelehenean erantzuteko eskatu diote Udalari: "Agendak komunean jarri beharko ditugu, eta uste dugu prozesua azkartzea ezinbestekoa izango dela koordinazio egokia izan nahi badugu".

Elkartasun ekonomikoa

Batera zaintza sare herritarrak kontu korronte bat jarri du martxan, erosketak egiteko zailtasunak dituzten pertsonen arazoei aurre egiteko. "Ez dugu onartuko Gasteizen gosea pasatzen duen inor bizitzea: komunitatez komunitate konponduko dugu arazo hau, elkarrekin".

Horretarako, ES19 2095 3169 02 1093269453 kontu zenbakian ekarpenak egiteko deia luzatu dute, gehienez 500 euro biltzeko asmoarekin. Kopuru hori lortzean publikoki iragarriko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago