Arkautiko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrenak emandako ebazpenaren ostean, aldi baterako bertan behera utzi dute irakaskuntza jarduera, martxoaren 10etik hasita.
Erabakia Covid-19 koronabirusaren hedapena geldiarazteko hartutako neurrietako bat da, azken 24 ordutan hartutako beste erabakiekin batera. Besteak beste, bertan behera utzi dituzte Gasteiz, Bastida eta Guardiako ikastetxeetako eskolak; bestalde, Udal hezkuntza zentroetako jarduerak eta kirol zein kultura jarduerak eten dituztela jakin genuen atzo. Gainera, San Martingo zahar-egoitza berrogeialdian jarri du Eusko Jaurlaritzak.
Segurtasun sailak azaldu du abian diren eta laster hastekoak diren formakuntza prozesuei eragingo diela erabakiak:
- Ertzaintzako Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko ikastaroa, 28. Promozioa.
- Euskadiko Udaltzaingoko Oinarrizko Eskalako agente kategorian sartzeko ikastaroa.
- Ikerketa Kriminaleko Espezializazio Ikastaroa.
- Arkautin ematen diren B2 eta C1 mailetako Hizkuntza Gaikuntzako Euskarazko Ikastaroak.
- Euskadiko Polizientzako Eguneratze eta Hobekuntzako Ikastaroak.
- Udaltzain-laguntzaileen ikastaroko aurrez aurreko faseak.
- Suhiltzaile-gidarien poltsa osatzeko formakuntza-ikastaroa.
- Arabako Suhiltzaileetako kabo-kategoriara igotzeko ikastaroa.
Neurri horien eraginpean dauden pertsonei jakinaraziko zaie noiz ekingo zaion berriro irakaskuntza jarduerari.