Koronabirus gaitzaren eraginez, goiz nahasia bizi izan dute Arabako ikastetxeek.
Goizean goiz, Bastidako bi ikastetxeak eta Gasteizko Odon de Apraiz ikastolak ixteko erabakia hartu dute, azken egunotan gertatutako kutsadura kasuen ondorioz. Bastidako kasuan, ikasleetako baten gertukoak koronabirusa duelako hartu dute neurria eta Odon de Apraiz ikastolaren kasuan berriz, itxuraz, bi irakasle dira kutsatutakoak.
Egoera horren aurrean, 12:00etan bilera deitu dute Osasun Saileko arduradunek Arabako ikastetxe guztietako zuzendariekin eta sindikatuekin. Bileran hartutako erabakiaren berri eman diete ikastetxeetako arduradunei, Gasteizko, Guardiako eta Bastidako zentroetan klaseak bertan behera utziko dituztela, gutxienez, martxoaren 23ra arte. Halere, ikastetxeak ez dituzte itxiko eta langileak lanera joan beharko dira. Arabako gainerako herrietan ez dituzte klaseak eten eta Bizkaian eta Gipuzkoan ere ez.
Hurrengo hamalau egunetan, behintzat, etxean geratuko beharko dira ikasleak. Hauek izan dira koronabirusak behartuta estatuan itxiko dituzten lehendabiziko eskolak.
Arratsaldean, erakundeen bilera
Arratsaldean, Covid-19 koronabirusaren jarraipena egiteko erakunde arteko koordinazio bilera egingo da. Horretan parte hartuko dute Eusko Jaurlaritzako sailburuek, hiru diputatu nagusiek, foru aldundietako gizarte politiketako diputatuek, foru aldundietako kultura eta kirol diputatuek, eta Eudeleko presidenteak. Bilera 16:00etan egingo dute, eta 17:30ean Nekane Murga Osasun sailburuak agerraldia egingo du.