Koronabirusa

Kirol eta kultura jarduerak eten ditu Diputazioak hamalau egunez

Erredakzioa 2020ko mar. 9a, 18:47

Foru aterpetxeetako egonaldiak eta jarduerak bertan behera geratu dira. ALEA

Arabako eskola-kirola bertan behera geratu da baita museoetan eta artxiboetan eskola-jarduerak eta programazioa ere. Adinekoen egoitzetan kontrol neurriak areagotu dituzte.

Arabako Foru Aldundiak prebentzioko neurri berriak ezarri ditu, lurraldean koronabirus kasuen gorakada dela eta. Diputazioak argitu duenez,  COVID-19ren hedapena prebenitzea eta geldiaraztea da helburua, batik bat egoera immunitario deprimitua edo patologia anitzak dituzten herritarrak edota adinekoak babesteko. Halaber, kultura eta kirol ekitaldietan pertsonen joan-etorriak mugatzea erabaki dute.

Adinekoen egoitzak

Joan den astean martxan jarritako jarraibideez gain, hemendik aurrera Arabako adinekoen egoitzetan egunean pertsona bakar bat sartu ahalko da bisitan, eta gehienez ordubetera murriztuko dira bisitak. Bisita guztietan familiako pertsona bera izatea eskatu du Diputazioak. Egoitzara sartzeko ate bakarra erabiliko da zentro guztietan, eta, sarrerak kontrolatzeko neurri materialak indartuko dira. Hala, zentroetara sartzen diren pertsonen datuak jasoko dira, eta baldintza guztiak betetzen direla kontrolatuko da, bisitarien tenperatura hartzea barne. Eskuak eta paperezko zapiak garbitzeko materiala jarriko da, eta zentroan bizi diren beste pertsona batzuekin segurtasun-distantzia mantentzea ere gomendatzen da.

Halaber, adinekoen egoitzetako sarrerak eta plaza esleipenak bertan behera geratu dira, beste agindu bat eman arte. Adinekoen egoitzetan eguneko arreta zerbitzua ere etenda geratzen da.

Kirol eta kultura-jarduerak

Bestalde, Arabako Foru Aldundiak honako jarduera hauek gutxienez hamalau egunez etetea erabaki du:

• Arabako eskola-kirola.
• Foru aterpetxeetako egonaldiak eta jarduerak.
• Eskola- jarduerak eta programazioa, museo eta artxiboetan.
• 3. adinekoen gelak eta taldeko jarduerak Kultur Etxean.
• Arte Eszenikoen Tailerraren jarduera.

Etxetik lan egitea

Beste alde batetik, etxetik lan egiteko moduan dauden Diputazioako langileei buruzko azterlan bat amaitzen ari da Diputazioa, eta zer lanpostu giltzarri gaitzea komeniko litzatekeen aztertzen ari dira. Azkenik, Arabako ikastetxeen itxierak eraginda, eskola-adineko seme-alabak dituzten Foru Aldundiko funtzionarioen ordutegiak malgutzeko aukera aztertzen ari dira.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago