Belaunaldiz belaunaldi ehun urtetik gora jardunean egotea. Hori da goiko irudian agertzen diren Gasteizko saltoki ezberdinen ordezkariek amankomunean dutena. Urte horietan guztietan, mostradorearen atzean erakutsitako konpromisoa goraipatzeko asmoz, omenaldi beroa jaso zuten guztiek pasa den urriaren 4an egindako Urban Commerce jardunaldiari amaiera emateko antolatutako ekitaldian.
Denera, horrelako 24 establezimendu daude egun: Puente eta Zulueta botikak; Javier Mendoza erloju denda; Mendia optika; Sosoaga, Nalda eta Goya gozotegiak; Carrion musika denda; Circulo Vitoriano; Iriarte poltsa denda; Ferreiro eta Coello aizto dendak; El Globo egunkari denda; La Carlota harategia; Eguia kafe denda; Junguitu ehun denda; Elcid, Orlando eta Moreno zapata dendak; Katxarritos Jauregi tresneria denda; La Union taberna; Pinedo jantzi denda; La Vitoriana eta Ancora okindegiak eta Alocen kapela denda.
Horietatik zaharrena Puente botika da; 1826. urtean zabaldu zituen ateak San Frantziskoko aldapan, gaur egun jarraitzen duen toki berean. Handik 30 urtera, Mendia optika jarri zuten martxan, eta zortzi urte geroago, Circulo Vitoriano. Apurka San Frantziskoko aldapan, Andre Maria Zuriaren plazan eta Diputazio eta Dato kalean joan ziren gehienak instalatzen, eta ingurune horretan jarraitzen dute. Urte askotarako.