"Egun, bezeroa dator produktu jakin bat ote dugun galdetzen"

Mirian Biteri 2018ko urr. 19a, 07:00

Katxarritos Jauregi denda kudeatzen du Marta Fernandez de Jauregik.

Denetarik topatu dezake bezeroak Puente botikatik oso gertu dagoen Katxarritos Jauregui dendan; gehienak etxerako tresnak baldin badira, aterkiak eta bestekoak ere erosi daitezke 1907. urtean Juan Fernandez de Jaureguik martxan jarritako establezimenduan.

Betoñutik iritsi zen Juan; Gasteizko hiltegian lan egiten bazuen ere, San Frantzisko kaleko 7. zenbakian (gaur egun, 5) Uribarri Ganboatik ekarritako buztinezko tresnak saltzen hasi zen, etxabean. "Garai hartan, herrietako jendea etortzen zen bereziki dendara, txerri-hilketarako tresnak erostera".

Juanen ostean, Felix eta Bene seme-alabek hartu zuten dendaren ardura; eta Felix ezkontzean, Pilar emaztea jarri zen mostradore atzean. Denborarekin buztinezko produktuak saltzeari utzi eta etxerako askotariko tresnak eskaintzen hasi ziren: "Nire ama egon zen garaian, etxea apaintzeko tramankulu asko saltzen ziren; ezkontzerakoan etxea jartzeko ohitura zegoen. Nik neuk amarekin lauzpabost urte eman nituen lanean, eta denboraldi horretan igarri nuen apainketarena behera zetorrela eta aldatzea erabaki nuen", azaldu du Martak, Felix eta Pilarren alabak.

Sare sozialak eta azokak

Hogei urtetik gora daramatza berak Katxarritosen lanean; dekorazioarekin lotutakoak kentzeari ekin zion, etxerako bestelako tresnei lekua egiteko. Teknologia berriei esker, merkatuan dauden produktuen berri du uneoro, eta dendako eskaintza ezagutarazteko ere erabiltzen ditu. Baina, horrez gain, Europatik egiten diren azoketara joateko ohitura ere badu.

Hirugarren iturri bat ere baduela nabarmendu du: bezeroa bera. "Gaur egun, bezeroa dator eta produktu jakin bat ote dugun galdetzen digu. Chufamix etxetresna elektronikoa, esaterako, horrela ekarri genuen; landare-esne ezberdinak egiteko balio du eta ondo saltzen da". Adibide bat baino ez da hori, "ezinezkoa" egiten zaio eta esatea zenbat produktu dituen salgai. "Dendaz gain, beste hiru biltegi ditugu ingurutik sakabanatuta", esan du.

Ingurugiroarekin lotutako ikasketak ditu, eta hortaz, birziklapenarekin lotutako produktuei ere garrantzia ematen die: "Egun, esaterako, kristalezko botila asko saltzen dira", azaldu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide