"Lanean hasi nintzenean heldu ziren taila bidezko lehen jantziak"

Mirian Biteri 2018ko urr. 19a, 07:00

Inork baino hobeto ezagutzen ditu Delmi Undianok jantzigintzaren inguruan gasteiztarrek dituzten gustuak.

50 urte baino gehiago eman ditu San Antonio kalean dagoen Confecciones Pinedo denda gidatzen. Eta oraindik ere jarraitzen du; izan ere, negozioa, gaur egun, Josu eta Julen Ruiz de Pinedo semeek kudeatzen badute eta dagoeneko 90 urte beteta baditu ere, egunero jaisten da dendara bezeroak artatzera eta baita berba egitera ere. "Entrenitzera nator bereziki, urte asko eman ditut dendan, jende asko ezagutzen dut eta oso gustura hitz egiten dut guztiekin", azaldu du Undianok.

Lehenagotik ere zabalik zegoela uste arren, ofizialki 1911. urtean jarri zuen negozioa martxan Petra Gonzalezek. "Garai hartako jantziek ez dute zerikusirik gaur egungoekin; orduan oihalak erakusten ziren eta aukeratu ostean neurrira egiten zen guztia", aipatu du. Urteekin, Petraren seme Jesus Ruiz de Pinedok hartu zuen negozioaren ardura; harekin ezkondu eta gero sartu zen Undiano Confecciones Pinedon: "Lanean hasi nintzenean heldu zen taila bidezko lehen arropa; Josuk hiru urte baino ez zituen, eta orain 58 ditu. Atera kontuak azken 50 urteotan zelan aldatu den", gaineratu du.

Euskal jantziak

Gogoan du, hasiera batean, mertzeria bat izan zela eta denborarekin eguneroko jantziak saltzen hasi zirela, baita jaunartzeetarako eta ezkontzetarakoak ere. Saltzeaz gain, alokatu ere egiten zituzten. Baina, semek negozioa hartu zutenean azken horiek kendu eta egina datorren jantzigintza eta euskal jantziekin geratu ziren. Azken horiei dagokionez, gogoratu du hasieran tantodun zein loretxodun jantziak bakarrik zeudela: "Betikoak ziren, amonenak. Denborarekin eskaintza zabaltzen joan zen eta gaur egun, denetarik dago. Izugarri aldatu da".

Euskal jantziak gaur egun oso ondo saltzen direla ere aipatu du, eta gehienetan, "modernotxoagoak" direnak eskatzen direla gaineratu du, bai umeen jantzietan eta baita emakumezkoetan eta gizonezkoetan ere.   

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide