"XIX. mende amaierako egitura mantentzen du egungo botikak"

Mirian Biteri 2018ko urr. 19a, 07:00

Gasteizko komertzio zaharrena gidatzen du Iñigo Puentek: San Frantziskoko aldapan dagoen Puente botika.

1826. urtean zabaldu zituen ateak Fernandez de Arellano izenarekin, Logroñotik iritsitako abizen bereko familiaren eskutik. Hiru belaunaldi egin zituen bertan; hain justu, 1911. urtera arte, Lucas Puente bizkaitarrak horren ardura hartu zuenera arte; ondoren, Federico aitona, Gonzalo aita eta Iñigo bera pasa dira.   

Gaur egungo jabeak azaldu du Lucas birraitonak Las Carreras herrian botika bat zuela; hangoa itxi eta Gasteizko aldapan, Justo Antonio Olagibel arkitekto ospetsuak egindako eraikinean dagoen botika hartu zuen. Gogoratu du 1780 eta 1790 hamarkadetan, Olagibelek Plaza Berria eta arkupeekin amaitzerakoan, Udalak lursaila eman ziola botika dagoen tokian. "Eraikina egin zuen, baina ez zuen erabili, eta Fernandez de Arellano familiak botika jarri zuen orain dela 192 urte".

Botikak egiteko makinak, sotoan

Puente familiaren eskuetan berrikuntza txikiak egin badira ere, hasierako egitura mantentzen du establezimenduak: "Badakigu lehengo jabeek 1890. urte inguruan berritu zutela botika, eta kanpoaldea, bezeroak hartzen ditugun tokia, berdin dago ordutik. Lehen, denda oso txikia izaten zen, eta barrualdea, berriz, oso zabala, botikak bertan egiten zirelako; laborategi handia zuten garai hartako botika guztiek. Sotoan birraitonak botikak egiteko erabiltzen dituen makinak ditugu oraindik ere", azpimarratu du Iñigok.

Egungo establezimenduek ez dute zerikusirik lehengokoekin. "Kanpoaldeak oso handiak dira, bezeroek produktuak ikustea gustuko dutelako. Askotariko produktuak daudenez, toki asko behar da dena ikusgai izateko. Barrualdea, berriz, ahalik eta txikien egiten dira. Gu, dena dela, lehengo egitura hori mantentzearen aldekoak gara, eta berrikuntzarekin bat egiten badugu, saltokiak duen xarma ez galtzen saiatuko gara, bezeroek gustuko dutelako", gaineratu du.  

Azaldu du betiko bezeroak ez direnak harrituta geratzen direla botikara lehen aldiz sartzen direnean. Horrez gain, aspaldi botikatik pasatu gabeko agureei "txikitako oroitzapenak" ekartzen dizkie burura.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide