Berdinketa EAJren eta EH Bilduren artean

Erredakzioa 2024ko api. 21a, 21:30

Alderdirik bozkatuenak Arabako udalerrietan. / ALEA

EH Bilduk 27; EAJk 27; PSE-EEk 12; PPk 7, Voxek 1 eta Sumarrek 1. Horiek dira emaitzak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Araban, EH Bildu izan da lehen indarra, lehenbiziko aldiz.

EH Bilduk eta EAJk 27na eserleku lortu dituzte Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Imanol Pradalesena izan da alderdi bozkatuena, baina EH Bildurekin berdinduta. PSE-EEk bi eserleku gehiago lortu ditu hauteskundeetan (12), eta horrenbestez jeltzaleek eta sozialistek gehiengo absolutuari eutsiko diote, eta gobernua berretsi ahalko dute: 39 eserleku batuko dituzte.

EH Bilduk emaitza historikoak izan ditu. Pello Otxandiano lehendakarigaiaren koalizioak orain dela lau urte baino sei eserleku gehiago lortu ditu Eusko Legebiltzarrean, 21etik 27ra pasatuz; eta 340.000 boto inguru lortu ditu, bere historian izan duen emaitzarik onenak.

Javier De Andres buru duen PPk, berriz, lortu du  laugarren indarra izateari eustea; 2020ko emaitzak hobetu ditu eta eserleku bat irabazi du. Sumar Mugimenduak, aurrenekoz, Arabako eserleku bat eskuratzea lortu du, eta Voxek Arabako eserlekua atxiki du. Alta, Elkarrekin Podemos Eusko Legebiltzarretik kanpo geratuko da.

Araban, gaueko albistea ere EH Bilduren garaipena izan da, lehen aldiz irabazi baititu hauteskundeak lurraldean. EAJren beherakada ere nabarmentzekoa da. Araban, EH Bilduk 8 eserleku lortu ditu, eta EAJk, berriz, 7.

Parte hartzea %63koa izan da aurtengoan, azken hauteskundeetan baino altuagoa. Orain dela lau urte %50ekoa izan zen, eta 2016an %60koa.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago