Arabarren %48,7k eman dute botoa 18:00ak arte

Erredakzioa 2024ko api. 21a, 19:37

Hautetsontziak 20:00ak arte egongo dira zabalik. Argazkia: AIARALDEA.EUS

Parte hartzea azken hauteskundeetan baino handiagoa izaten ari da erkidego osoan. Gasteizen, hautesleen %47,8k eman dute botoa arratsalde erdira arte.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako parte hartze datuak eman ditu Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak. Gaurko 18:00ak arte, euskal herritarren parte hartzea %51koa da, hau da, Eusko Legebiltzarrerako aurreko hauteskundeetan erregistratutakoa (% 36,02) baino ia 15 puntu gehiago (17:00ak arteko datuekin alderatuta). Eusko Jaurlaritzak aldatu egin du datuak kudeatzeko erabiltzen duen sistema, eta parte hartzearen inguruko datuak aurreko urteetan baino geroago jakinarazten ari da. 13:00etan eta 18:00etan erregistratu dituzte parte hartzeari buruzko datuak. Araban, 18:00ak arte, %48,77k eman dute botoa, hau da, duela lau urte baino 15,5 puntu gehiagok (17:00ak arteko datuekin alderatuta). (17:00ak arteko datuekin alderatuta). Hiriburuen eta herrien datuak ere eman ditu Erkoreka sailburuak. Gasteizen hautesleen %47,8k eman dute botoa 18:00ak arte; Laudion, %54,5k; Oionen %43,14; Agurainen %46,64k; Zuian %50,23k; eta Iruña Okan %43,47k.

Berdinketa, EITBren zundaketaren arabera

Gizakerrek EITBrentzat egindako inkestaren arabera, 26 eta 28 eserleku artean lortuko dituzte EAJk zein EH Bilduk, jeltzaleak bozkatuenak izanda. Araban, EH Bilduk irabaziko lituzke hauteskundeak, 8-9 aulkirekin (2020an, 6). EAJk 7-8 lituzke (9, duela lau urte), PPk 4 (3), PSE-EEk 4 (berdin), Elkarrekin Podemosek 0-1 eta Sumarrek ere 0-1.

Lehen emaitzak

Atariko emaitzak 21:00etan aurkeztuko dituzte, botoen % 18 baino gehiago zenbatuta, eta behin-behineko emaitzak 22:30ean egongo dira eskuragarri, azken emaitzen irudi fidagarria eskainiz. Behin betiko datuak apirilaren 26an, ostirala, argitaratuko dira, onartutako erreklamazioak eta Ez Dauden Egoiliarren Hautesle Erroldaren (CERA) zenbaketa orokorra egin ondoren.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago