Serunion enpresaren kontratua bertan behera utziko du Hezkuntza Sailak

Erredakzioa 2024ko urt. 24a, 12:50

Ikasbidea Ikastolako familien protesta bat. ALEA

Kontratuak deuseztatzeko akordiora iritsi dira Jaurlaritza eta catering enpresa, ikasturtean zehar izandako arazoen ostean. Otsailaren 5etik aurrera, beste enpresa batzuen esku geratuko da jantoki zerbitzua.

2023/2024 ikasturtearen hasieratik, arazo eta kexa ugari eragin ditu Serunion enpresaren zerbitzuak Arabako zein EAEko eskola jantokietan; bereziki, Ikasbidea (Dura), Murgia BHI (Zuia) eta Gorbeia Eskola HLHI (Zigoitia) ikastetxeetan. Hezkuntza Sailak enpresa esleipenduna aldatu zuenetik, bata bestearen atzean iritsi dira jantoki zerbitzu kaxkarraren inguruko albisteak, irailaren 22an hasita, Ikasbidea Ikastolan "mikroorganismoak" agertu zirenean.

Azken hilabeteetan, Serunion S.A. enpresarekin kontratua eteteko aukerak aztertu dituzte Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek, bai eta zenbait zehapen-espediente ireki ere. Azkenean, kontratuak deuseztatzeko akordioa erdietsi dute bi aldeek, eta, horrela, enpresak borondatez uko egingo die azken lizitazioan lortutako kontratuei.

Otsailaren 5etik aurrera, sektoreko beste enpresa batzuek beren gain hartuko dute zerbitzua Serunionek kudeatzen zituen lau loteetan, tartean Arabako landa eremuko hamaika zentrotan. Enpresa polemikoaren azken zerbitzua otsailaren 2an izango da. "Era honetan ziurtatuko da ikasle guztiek jantoki zerbitzua bermatuta izango dutela", azpimarratu du Hezkuntza Sailak, 12:00etan zabaldutako ohar batean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago