"Mikroorganismoak" atzeman dituzte Ikasbidea Ikastolako jantokiko janarian

Erredakzioa 2023ko urr. 20a, 16:00

Serunion enpresaren irudi promozional bat. Argazkia: serunion.es

Ikasbidea ikastetxeko jantokiko hainbat ume kexu ziren egun batean "zizareak" ikusi zituztelako beren pasta plateretan. Eusko Jaurlaritzak zehapen-espedientea ireki dio Serunion enpresari.

Alarma piztu da Ikasbidea Ikastolan (Dura, Arratzua-Ubarrundia). Duela hilabete, irailaren 22an, ikasle batzuek jakinarazi zuten jantokian zerbitzatu zieten pasta "jangaitza" zela eta "zizareak" ikusi zituztela. Hiru egun geroago, ikastetxe publikoak gertatutakoaren berri eman zion Hezkuntza Sailari.

Hurrengo egunean, aipatutako eguneko janariaren laginak jaso zituzten, eta Hezkuntza Sailak produktuaren zein hornitzaileen inguruko informazioa eskatu zion Serunion jantokiko enpresa arduradunari. Urriaren 6an iritsi ziren laginen behin betiko emaitzak: "mikroorganismoen zantzuak" aurkitu zirela azaldu du ikastolak, familiei helarazitako komunikatu batean. Beste egun batzuetako laginak aztertu zituzten ere, baina horietan ez zen mikroorganismorik aurkitu.

Geroago jakin denez, egun berean, Logroñon lan egiten duen enpresa katalanak larbak zituen janaria banatu zuen Errioxako zortzi ikastetxe publikotan. Enpresarekin zuen kontratua "lehenbailehen" etengo duela iragarri du Errioxako Gobernuak.

Bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak jakitera eman du zehapen-espedientea ireki diola Serunion enpresari, arau-hauste larriagatik —eta ez "oso larriagatik"—. Hala ere, uste du "intzidentzia ez dela nahikoa enpresarekin kontratua hausteko". Halaber, enpresak Eusko Jaurlaritzari jakinarazi dio alde batera utzi duela egoera txarrean zegoen janariaren hornitzailea.

120 kexa

Nolanahi ere, Ikasbidea Ikastolako guraso elkarteak ohartarazi du ikastetxeko jantokiko janariarekin lotutako arazoak areagotu egin direla Hezkuntza Sailak enpresa esleipenduna aldatu zuenetik. Hilabete eskasean 120 kexa inguru bildu dituzte, eta Jokin Bildarratzek gidatutako sailari eskatu diote "ekin diezaiola ikasleek jasotzen duten janari txar eta urriarekin amaitzeko".

"Enpresa berria gaizki hasi zen: ontziteriarik gabe, mahai-tresnarik gabe, garbiketa ekipamendurik gabe, errazio txikiekin, bigarren platerik gabe geratzen diren eta arratsalde osoan barazki plater batekin egon behar duten haurrak. Halaber, kexak daude janariak kalitate eta zapore txarra duelako...", azaldu du gurasoen bozeramaile batek SER Vitoria irratian.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago