Titular bat bestearen atzean uzten ari da Serunion catering enpresaren eta Arabako hezkuntza komunitateen arteko gatazkak. Oraingoz, Hezkuntza Sailak enpresarekin kontratua eteteko aukerak aztertzen jarraitzen du, gutxienez Arabako hiru ikastetxetan: Ikasbidea Ikastola (Dura, Arratzua-Ubarrundia), Murgia BHI (Zuia) eta Gorbeia Eskola HLHI (Zigoitia).
Nolanahi ere, Serunionek lehenengo isuna jaso du jada, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketa batean jakitera eman duenez: 40.000 euro ordaindu beharko ditu, eskola jantokietan atzemandako "kalitate arazoengatik" Hezkuntza Sailak irekitako hiru espedienteetako batean ezarritako isuna dela eta.
Aurreikus daitekeenez, datozen asteetan antzeko zigor gehiago jasoko ditu catering enpresak, baina oraingoz zerbitzua ematen jarraituko du.
Izan ere, elkarrizketa berean, Bildarratzek azaldu du kontratu publikoak eteteak "denbora" behar duela, eta betiere "justifikatuta" eta "araubideak babestuta" egin beharreko zerbait dela. "Kezkatzen gaituen lehenengo gauza familiak dira, eta kalitatezko zerbitzua ematea. Ahalik eta neurri gehien hartu behar ditugu gertatutako errepika ez dadin", azpimarratu du sailburuak.