Oro har, eskola jantokia ikastetxeko janari zerbitzu soila da, hezkuntza ingurunetik eta ikastetxearen proiektutik aparte. Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak, EHIGEk, 2019an argitaratu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola jantokien erradiografian hala nabarmendu zuen. Maite Fernandez Melero Denon Eskolako arduradunak berretsi du hori, eta datu argigarri gisa aipatu du eraikitzen diren ikastetxe berrietan ez dutela sukalderik jartzen, "eta sukaldea duten ikastetxeetan gela huts bat da, altzairurik gabe eta egokitu gabe".
Zenbakiei erreparatuta, Hezkuntza sailaren lizitazioen arabera, Arabako hemeretzi ikastetxeetan bere sukaldea erabiltzen dute. Horietara enpresa pribatuek elikagaiak soilik eramaten dituzte, eta bertan kozinatzen dira otorduak; guztira, 3.448 ikaslerentzat. Sukaldea duten ikastetxe horiek guztiak Gasteiztik kanpo daude: Aiaraldean lau daude, Arabako Errioxan hiru, Lautadan hiru, Añanako Kuadrillan beste hiru, Gorbeialdean lau eta Arabako Mendialdean bi ikastetxe.
Hiriburuan, 'catering'-a
Aldiz, sukalderik ez duten ikastetxeetan, catering enpresaren instalazioetan prestatzen da menua, hotzean eramaten dute, eta jangelan bertan berriro berotzen dute.Arabako kasuan, Eurest eta Serunion enpresak dira, irailetik aurrera, Gasteizko ikastetxe guztiak, eta Gorbeialdeko, Aiaraldeko eta Arabako Errioxako hamaika ikastetxe hornitzen dituztenak. Batez beste, egunero, 10.147 menu prestatzen eta banatzen dituzte catering enpresa horiek herrialdean.
Eskola jantokiek ikasleen eguneroko jardueran duten garrantziaz ohartzeko kontuan hartu behar da, halaber, beste datu bat: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, haur hezkuntzako ikastetxe publikoetako lau ikasletik hiruk (%74,5) eskola jantokia erabiltzen dutela, %78,3k lehen hezkuntzan eta %36,1ek derrigorrezko bigarren hezkuntzan. Ikastetxe pribatuen edo itunpekoen kasuan, ehunekoak %71,4, %68,3 eta %44,6 dira, hurrenez hurren.
Bestalde, EAEko eskola jantoki publikoetan 9.000 tona lehengai inguru kontsumitzen da urtean, EHIGEk 2019an egindako kalkuluen arabera.