Murgiako Bigarren Hezkuntzako Institutuan gaurko menuan zerbitzatu behar zuten menestra alboratu dute jantokiko arduradunek, janarian "zomorro txiki batzuk" atzeman ostean. Ikastetxeak ohar batean zabaldu duenez, zomorro horiek aurkitu eta berehala jarri dira harremanetan janaria zerbitzatzen duen Serunion enpresarekin, "arduradun bat bertaratzeko eta horren konstantzia jasotzeko". Gertatutakoaren ondorioz ikasleei bigarren platera baino ez diete eman.
Aurreratu dute "aurrekoetan bezala" Hezkuntza Ordezkaritzan intzidentzia bat zabalduko dutela. "Espero dugu enpresa honen kontratua bertan behera geratzeko prozesua arintzea eta ahalik eta lehenen gauzatzea", erantsi dute ikastetxeko arduradunek.