Serunionek Gasteizko ospitaleetako kafetegien zerbitzua kudeatuko du

Erredakzioa 2023ko aza. 20a, 16:00

Txagorritxuko Arabako Unibertsitate Ospitaleko sarrera. Argazkia: Arabako ESI

Eskola jantokietan izandako arazoen ostean, Txagorritxu eta Santiago ospitaleetako kafetegi zein jantoki zerbitzuaren lizitazioa irabazi du Serunion enpresak. Osakidetzaren "arduragabekeria" salatu du LAB sindikatuak.

Azken hilabeteetako polemikaren ostean, Eusko Jaurlaritzak joan den astean jakinarazi zuen Hezkuntza Sailak Serunionekin duen kontratua etengo duela gutxienez Arabako hiru ikastetxetan: Ikasbidea Ikastolan (Dura), Murgia BHI institutuan (Zuia) eta Gorbeia Eskola HLHI ikastetxean (Zigoitia).

Eskainitako zerbitzuaren kalitateagatik zalantzan dagoen Serunionek Araba ESIko kafetegi zein jantokien zerbitzua emango du, Osakidetzak urriaren 20an argitaratutako lizitazioaren arabera. Arabako Unibertsitate Ospitaleko Txagorritxu eta Santiago ospitaleetako zerbitzua eskainiko du catering enpresak, baina ez du barne hartuko ospitaleratutako pazienteen elikadura.

Duela hilabete 2,64 milioi euroko balioagatik esleitutako kontratuaren espedientearen balio-judizioen txostena azaroaren 8an argitaratu zuten EAEko kontratazio plataforman, Arabako ESIko Ekonomia Zuzendaritzaren mendeko Zerbitzu Orokorren arduradunak sinatuta.

Lizitazioaren pleguen arabera, eskaintzaren kalitateari dagokion puntuazio subjektiboa ezarri behar da, balorazioaren %50 suposatzen duena; hau da, 50 puntu. Dokumentazioaren arabera, eskaintzaren kalitatea zenbait irizpideren arabera baloratzen da:

  • Menuen eskaintza eta hornituko diren produktuen kalitatea: 30 puntu.
  • Ingurumenaren kudeaketa, zerbitzuaren kalitatea, lan arriskuen prebentzioarekin lotutako kalitate sistemak: 10 puntu.
  • Zerbitzua ustiatzeko proiektua eta prestakuntza programa: 5 puntu.
  • Proposamen berritzaileak: 5 puntu.

"Arduragabekeria"

"Araba ESIaren arduragabekeriak ahalbidetu du jantoki eta kafetegiak ustiatzeko zerbitzuaren lizitazioaren irabazlea Serunion izatea, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak, aldi berean, enpresa horren aurkako ekintzak hasi dituen kalitate eta osasun kontrol faltagatik", salatu du LABek.

LAB sindikatuaren ustez, txosten teknikoa aztertu ondoren "argi eta garbi geratu da Arabako ESIko zuzendaritzak duen kudeaketaren kontzeptua zein den, non eta ospitaleko kafetegian jan behar duten profesionalen eta pertsonen elikadura bezalako gai delikatu batean".

"Txostenean ez da eskaintzaren kalitatearen araberako puntuaziorik esleitzen, ezta justifikatzen ere, pleguan bertan adierazitakoaren arabera. Aldiz, hainbat kontzeptu ateratzen dira, solteak, eskaintzetatik jasotakoak, eta 50 puntuko berdinketa ematen da, lehiaketaren ebazpena prezioaren esku soilik utziz (eskaintzaren ebaluazioaren gainerako %50)", kritikatu du sindikatuak.

Pribatizazioak

"Horrek, hain delikatua den kontu batean Araba ESIko Zuzendaritza Ekonomikoaren utzikeria frogatzeaz gain, Sektore Publikoko Kontratuen 9/2017 Legeak jasotzen duen izpirituari iruzur egiten dio, horren hitzaurrean bertan adierazten baita lege horren bi helburuetako bat kalitatearen eta prezioaren arteko erlaziorik onena lortzea dela", gaineratu du LABek. "Osakidetzak, oro har, bere profesionalekiko eta herritarrekiko duen begirune eskasa islatzen du honek, sektore pribatuko enpresekiko duen eskuzabaltasunarekin kontrajartzen dena".

"Argi ikusten da Osakidetzak nahiago duela zerbitzuak kanpora ateratzea, batez ere ez-sanitarioak, lan eskubideen urraketa kasuetan zein eroskeria kontuetan nahasita dauden enpresa pribatuei diru publikoa emanez", salatu dute. "EAJren kudeaketak helburu argia du: osasun sistema publikoa zatikatu eta enpresa pribatuei saltzea. Eta horren lekuko zuzenak dira Osakidetzako langileak".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago