Duela bi aste ANkerkeriari Stop plataformak jakitera eman zuenez, irailaren 15ean espetxeratze agindu bana jasota, Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrek hamar eguneko epea zuten borondatez kartzelan sartzeko, Auzitegi Nazionalak 2021ean ezarritako eta Auzitegi Gorenak aurtengo maiatzean berretsitako lau urteko espetxe zigorra betetzeko.
Epea agortuta, ez Zelaia ez Barbado ez dira espetxean aurkeztu. Beraz, Espainiako Auzitegi Gorenak atxilotze agindua martxan jarriko luke orain, zigorrak betearazteko.
Larunbatean, manifestazio nazionala
Azken egunetan, ANkerkeriari Stop plataformak, Ernai gazte antolakundeak eta beste hainbat eragilek bultzatutako elkartasun kanpainari jarraituz, dozenaka mobilizazio eta ekintza izan dira gazteen egoera salatu eta bien askatasuna aldarrikatzeko; ez soilik Araban, baita Euskal Herri osoan zehar ere: elkarretaratzeak, manifestazioak, propaganda, desobedientzia ekintzak, kateatzeak, bide-mozketak, pintadak...
Larunbat honetan, irailaren 30ean, elkartasun dinamikaren hitzordu nagusia izango da: 18:30ean, Gasteizko Artium Museotik abiatuko da Zelaia eta Barbadoren askatasunaren aldeko manifestazio nazionala, Euskal Herriak aurrera! lelopean. Besteak beste, Sare Herritarrak bat egin du mobilizazioarekin, "urte luzez luzatu den indarkeriaren mamua betikotzeko jarrera nabaria" salatzeko eta "espetxeen problematikari aterabidea" ematea aldarrikatzeko.
"Epaia zein izango zen bagenekien"
"2018an Ertzaintzak Auzitegi Nazionalaren esku prozesu hau utzi zuenetik epaia zein izango zen bagenekien", salatu du ANkerkeriari Stop plataformak. "Auzitegi Nazionalak euskal militanteak epaitzen dituenean, epaia aldez aurretik idatzita dagoelako. Salbuespeneko epaitegiaren begietan garenagatik epaitzen gaituztelako, berdin diola ere momentu politikoa edota froga falta".
"Aitor eta Galderren bizitzak prozesu honetan guztiz baldintzatuta izan dira, espetxeratze agindua eman dutenera arte. Hasierako momentuko elkartasun eta indar berdinarekin ankerkeria hau salatzera aterako gara", ohartarazi dute. "Berriro ere salbuespeneko epaitegiek euskal herritarrak epaitu ez ditzaten. Baina batez ere, Aitor eta Galderren espetxeratzearen gainetik Euskal Herriak aurrera egin dezan borrokatzen dugulako", gaineratu dute.
Kronologia: bost urteko prozesua
Bi gazte arabarren auzia duela bost urte hasi zen. 2018an, Ertzaintzak ustezko material lehergarria zuen bidoi bat aurkitu zuen Dura herrian (Arratzua-Ubarrundian), eta aurreko urteetan gertatutako sabotajeekin lotu zuen.
Ustezko "zulo" horren arduradunak bilatzeko ikerketaren barruan, hainbat hilabete beranduago, 2019ko otsailaren 7an, Ertzaintzak Zelaia eta Barbado atxilotu zituen, Agurainen eta Amurrion, hurrenez hurren. Espainiako Auzitegi Nazionalak behin-behineko espetxeratzea agindu zuen, eta gazteek sei hilabete eman zituzten hainbat kartzelatan preso, 2019ko uztailean baldintzapean aske gelditu ziren arte, epaiketaren zain.
Urte eta erdi beranduago egin zen epaiketa Auzitegi Nazionalean, COVID-19aren pandemia betean, 2021eko urtarrilaren 21ean eta 22an. Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigor eskaerari eutsi zion arren, Angela Murillo epaileak otsailaren 2an eman zuen epaia: lau urteko espetxe zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa.
Defentsako abokatuen errekurtsoak bi urte beranduago, apirilaren 26an, iritsi ziren Auzitegi Goreneko epaileen eskuetara, eta maiatzaren amaieran eman zuen epai irmoa, lau urteko espetxe zigorra berretsiz. Lau hilabeteko beste itxaronaldi baten ostean, irailean espetxeratzeko agindua jaso dute bi gazteek.