ANkerkeriari Stop

Espetxeratzeko agindua jaso dute Aitor Zelaiak eta Galder Barbadok

Erredakzioa 2023ko ira. 15a, 19:00

Bi gazte arabarrek hamar eguneko epea dute borondatez espetxeratzeko, Auzitegi Nazionalak ezarritako eta Auzitegi Gorenak berretsitako lau urteko espetxe zigorra betetzeko. Manifestazio nazionala deitu dute Gasteizen irailaren 30erako.

Ostiral arratsaldean egindako premiazko agerraldi batean, ANkerkeriari Stop plataformak jakitera eman du aste honetan bertan espetxeratzeko agindua jaso dutela Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrek. Agindua jasota, hamar eguneko epea dute borondatez espetxeratzeko; bestela, atxilotze agindua martxan jarriko luke Espainiako Auzitegi Gorenak, maiatzean berretsitako lau urteko espetxe zigorra betearazteko.

Horren aurrean, elkartasuna pizteko eta bi gazte arabarren askatasuna aldarrikatzeko hainbat deialdi plazaratu dituzte:

  • Irailaren 18an, astelehenean: 19:00etan mobilizazioak Agurain (San Juan plazan), Amurrio (Herriko Plazan) eta Gasteizen (Andre Maria Zuriaren plazan).
  • Irailaren 18tik 29ra: Euskal Herriko herri, auzo eta ikastetxeetan mobilizazioak antolatzeko eta elkartasun keinuak zabaltzeko deia luzatu dute.
  • Irailaren 30ean, larunbatean: manifestazio nazionala Gasteizen, 18:30ean Artiumetik hasita.

Horrez gain, elkartasun kamisetak hainbat lekutan salgai daudela gogorarazi dute: Amurrioko Herriko Tabernan, Aguraingo Herriko tabernan eta Gasteizko Garraxi Tabernan.

Bestalde, ANkerkeriari Stop plataformaren baliabide kutxa eskuragarri dago labur.eus/EHA estekaren bitartez, herrietan antolatzen diren mobilizazioen eta elkartasun dinamiken komunikazio bitartekoekin. Halaber, sare sozialetan #EuskalHerriakAurrera eta #AitorEtaGalderAske traolak erabiltzen jarraitzeko deia luzatu dute.

 

Irakurketa

"2018an Ertzaintzak Auzitegi Nazionalaren esku prozesu hau utzi zuenetik epaia zein izango zen bagenekien", salatu dute ANkerkeriari Stop plataformako kideek. "Auzitegi Nazionalak euskal militanteak epaitzen dituenean, epaia aldez aurretik idatzita dagoelako. Salbuespeneko epaitegiaren begietan garenagatik epaitzen gaituztelako, berdin diola ere momentu politikoa edota froga falta".

"Aitor eta Galderren bizitzak prozesu honetan guztiz baldintzatuta izan dira, espetxeratze agindua eman dutenera arte. Gaur iritsi da espetxeratzeko agiandua, eta hasierako momentuko elkartasun eta indar berdinarekin ankerkeria hau salatzera aterako gara", ohartarazi dute. "Berriro ere salbuespeneko epaitegiek euskal herritarrak epaitu ez ditzaten. Baina batez ere, Aitor eta Galderren espetxeratzearen gainetik Euskal Herriak aurrera egin dezan borrokatzen dugulako", gaineratu dute.

Kronologia: bost urteko prozesua

Bi gazte arabarren auzia duela bost urte hasi zen. 2018an, Ertzaintzak ustezko material lehergarria zuen bidoi bat aurkitu zuen Dura herrian (Arratzua-Ubarrundian), eta aurreko urteetan gertatutako sabotajeekin lotu zuen.

Ustezko "zulo" horren arduradunak bilatzeko ikerketaren barruan, hainbat hilabete beranduago, 2019ko otsailaren 7an, Ertzaintzak Zelaia eta Barbado atxilotu zituen, Agurainen eta Amurrion, hurrenez hurren. Espainiako Auzitegi Nazionalak behin-behineko espetxeratzea agindu zuen, eta gazteek sei hilabete eman zituzten hainbat kartzelatan preso, 2019ko uztailean baldintzapean aske gelditu ziren arte, epaiketaren zain.

Urte eta erdi beranduago egin zen epaiketa Auzitegi Nazionalean, COVID-19aren pandemia betean, 2021eko urtarrilaren 21ean eta 22an. Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigor eskaerari eutsi zion arren, Angela Murillo epaileak otsailaren 2an eman zuen epaia: lau urteko espetxe zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa.

Defentsako abokatuen errekurtsoak bi urte beranduago, apirilaren 26an, iritsi ziren Auzitegi Goreneko epaileen eskuetara, eta maiatzaren amaieran eman zuen epai irmoa, lau urteko espetxe zigorra berretsiz. Lau hilabeteko beste itxaronaldi baten ostean, aste honetan, irailean, espetxeratzeko agindua jaso dute bi gazteek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago