Ostegun gauean plazaratutako ohar labur batean, ANkerkeriari Stop plataformak jakitera eman du Espainiako Auzitegi Gorenaren epaia. Apirilaren 26an bildu ziren epaileak, Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarren lau urteko espetxe zigorraren inguruko errekurtsoak aztertzeko. Eta ebazpena ofiziala da jada, udal eta foru hauteskundeen atarian: gazte bakoitzari Auzitegi Nazionalak ezarritako lau urteko espetxe zigorra berretsi du Gorenak.
Une honetan, gazteak "edozein unetan" espetxeratzeko arriskuan daude. Oraingoz, ANkerkeriari Stop plataformak ez du informazio gehiagorik eman, baina datorren astean iragarriko dituen deialdietara adi egotera deitu du.
"Espainiar Justiziak Ertzaintzak kozinatutako prozesu honi espero genezakeen amaiera eman dio. Beste behin ere, euskal jendarteari ulergaitza egiten zaion guda eta errepresio politikari eutsi diote", adierazi dute oharrean. "Traba eta oztopoen gainetik, Euskal Herriak aurrera egin behar du. Ankerkeria honi aurre egiteko indarrak biltzera eta datorren astean iragarriko ditugun deialdietara adi egoteko deia egiten dugu".
🚨 IRITSI DA AITOR ETA GALDERREN AURKAKO EPAIA: LAU URTEKO ESPETXE ZIGORRA BAKOITZARI.
— ANkerkeriariStop (@ANkerkeriaSTOP) May 25, 2023
Ya ha llegado la sentencia contra Aitor y Galder: cuatro años de prisión a cada uno.
ADI DEIALDIETARA! pic.twitter.com/F7SVJzCT3Z
KRONOLOGIA: Bost urteko ANkerkeria (2018-2023)
Bi gazte arabarren auzia duela bost urte hasi zen, eta ANkerkeriari Stop-ek Bost urteko ANkerkeria (2018-2023) infografiaren bitartez laburbildu du prozesu osoa. 2018an, Ertzaintzak ustezko material lehergarria zuen bidoi bat aurkitu zuen Dura herrian (Arratzua-Ubarrundian), eta aurreko urteetan gertatutako sabotajeekin lotu zuen.
Ustezko "zulo" horren arduradunak bilatzeko ikerketaren barruan, hainbat hilabete beranduago, 2019ko otsailaren 7an, Ertzaintzak Zelaia eta Barbado atxilotu zituen, Agurainen eta Amurrion, hurrenez hurren. Auzitegi Nazionalak behin-behineko espetxeratzea agindu zuen, eta gazteek sei hilabete eman zituzten hainbat kartzelatan preso, 2019ko uztailean baldintzapean aske gelditu ziren arte, epaiketaren zain.
Urte eta erdi beranduago egin zen epaiketa Auzitegi Nazionalean, COVID-19aren pandemia betean, 2021eko urtarrilaren 21ean eta 22an. Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigor eskaerari eutsi zion arren, Angela Murillo epaileak otsailaren 2an eman zuen epaia: lau urteko espetxe zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa.
Defentsako abokatuen errekurtsoak bi urte beranduago, apirilaren 26an, iritsi ziren Auzitegi Goreneko epaileen eskuetara. Gaur ezagutu dugu epai irmoa.