Ostiral arratsaldean egindako premiazko agerraldi batean, ANkerkeriari Stop plataformak jakitera eman zuen Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrek espetxeratzeko agindua jaso dutela jada. Agindua jaso zuten egunetik hasita, hamar eguneko epea dute borondatez espetxeratzeko; bestela, atxilotze agindua martxan jarriko luke Espainiako Auzitegi Gorenak, maiatzean berretsitako lau urteko espetxe zigorra betearazteko.
Euskal Herriak aurrera! lelopean, elkartasuna pizteko eta bi gazte arabarren askatasuna aldarrikatzeko, gaur, astelehenean, hiru mobilizazio egin dituzte 19:00etan, aldi berean: elkarretaratzeak Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan eta Aguraingo San Juan plazan, eta manifestazioa Amurrioko Herriko Plazatik abiatuta.
Horren ostean, bi deialdi nagusi plazaratu dituzte datozen egunei begira:
- Irailaren 18tik 29ra: Euskal Herriko herri, auzo eta ikastetxeetan mobilizazioak antolatzeko eta elkartasun keinuak zabaltzeko deia luzatu dute.
- Irailaren 30ean, larunbatean: manifestazio nazionala Gasteizen, 18:30ean Artiumetik hasita.
Horrez gain, elkartasun kamisetak hainbat lekutan salgai daudela gogorarazi dute: Amurrioko Herriko Tabernan, Aguraingo Herriko tabernan eta Gasteizko Garraxi Tabernan.
Bestalde, ANkerkeriari Stop plataformaren baliabide kutxa eskuragarri dago labur.eus/EHA estekaren bitartez, herrietan antolatzen diren mobilizazioen eta elkartasun dinamiken komunikazio bitartekoekin. Halaber, sare sozialetan #EuskalHerriakAurrera eta #AitorEtaGalderAske traolak erabiltzen jarraitzeko deia luzatu dute.
Kronologia: bost urteko prozesua
Bi gazte arabarren auzia duela bost urte hasi zen. 2018an, Ertzaintzak ustezko material lehergarria zuen bidoi bat aurkitu zuen Dura herrian (Arratzua-Ubarrundian), eta aurreko urteetan gertatutako sabotajeekin lotu zuen.
Ustezko "zulo" horren arduradunak bilatzeko ikerketaren barruan, hainbat hilabete beranduago, 2019ko otsailaren 7an, Ertzaintzak Zelaia eta Barbado atxilotu zituen, Agurainen eta Amurrion, hurrenez hurren. Espainiako Auzitegi Nazionalak behin-behineko espetxeratzea agindu zuen, eta gazteek sei hilabete eman zituzten hainbat kartzelatan preso, 2019ko uztailean baldintzapean aske gelditu ziren arte, epaiketaren zain.
Urte eta erdi beranduago egin zen epaiketa Auzitegi Nazionalean, COVID-19aren pandemia betean, 2021eko urtarrilaren 21ean eta 22an. Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigor eskaerari eutsi zion arren, Angela Murillo epaileak otsailaren 2an eman zuen epaia: lau urteko espetxe zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa.
Defentsako abokatuen errekurtsoak bi urte beranduago, apirilaren 26an, iritsi ziren Auzitegi Goreneko epaileen eskuetara, eta maiatzaren amaieran eman zuen epai irmoa, lau urteko espetxe zigorra berretsiz. Lau hilabeteko beste itxaronaldi baten ostean, irailean espetxeratzeko agindua jaso dute bi gazteek.