Joan den astean ANkerkeriari Stop plataformak jakitera eman zuenez, Auzitegi Nazionalak Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrei ezarritako lau urteko espetxe zigorra berretsi egin du Espainiako Auzitegi Gorenak. Apirilaren 26an bildu ziren epaileak, bi gazteen helegiteak aztertzeko; espetxe zigorraz gain, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta 10 urteko inhabilitazioa ezarri dizkiete.
Horren aurrean, Euskal Herriak aurrera! lelopean "elkartasun uholde bat" osatzera deitu du ANkerkeriari Stop plataformak. Lehen urratsa igande honetan Amurrioko Zabaleko ikastetxean egindako agerraldi masiboa izan da. 1.200 lagun inguru bildu dira, Zelaia eta Barbadoren askatasuna aldarrikatzeko kamiseta urdinak jantzita.
"Txoko eta eremu ezberdinetako kideok ankerkerien aurrean Euskal Herriak aurrera egin nahi eta behar duela aldarrikatzen dugu", adierazi dute Maddalen Muguruza eta Miren Lapitz plataformako bozeramaileek. Zelaia eta Barbado gazteez gain, Artziniega, Arakaldo eta Urduñako alkateak (Joseba Vivanco, Jabi Asurmendi eta Itziar Biguri), Pablo Gorostiaga Laudioko alkate ohia, Julen Arzuaga Gasteizko EH Bilduko legebiltzarkidea, Bel Pozueta eta Iñaki Ruiz de Pinedo Espainiako Kongresuko diputatuak, Iker Larrazabal pilotaria, Aitor Gorosabel eta Galder Arrillaga Su Ta Gar taldeko kideak, Txerra Bolinaga musikaria eta Adur Ramirez de Alda eta Jokin Unamuno Altsasu auziko gazteak izan dira, besteak beste.
"Indarkeriaren errezeta"
"Aitor eta Galderrek bi urte baino gehiago pasa dituzte erantzunaren zain, tamainako espetxe zigor baten mehatxuaren aurrean bizitza eta egunerokotasun normala egitea posible izango balitz bezala", salatu dute. "ANkerkeria beste izenik ez duen kasu honen aurrean, eta lehenengo egunetik egin dugun bezala, prozesuaren anakronismoa eta krudelkeria salatu nahi dugu".
"Bada hamarkada luze bat herri hau bestelako testuinguru batean murgiltzeko ahaleginetan dabilela, baina badaude batzuk iraganera kateatuta nahi gaituztenak, horren prezioa edozein delarik ere. Euskal jendartearen eskubide zibil eta politikoak errespetatu beharrean indarkeriaren errezeta besterik ez digute eskaintzen, eta kartzelak hustu beharrean hauek betetzeko ahaleginean tematuta jarraitzen dute, urte luzeetan jasan dugun eta mendekuan oinarritzen den politika bidegabe baten bideari eutsiz", gaineratu dute.
"Bi gazteen oraina eta etorkizuna zapuztu nahi duen epai honen gainetik, herri honen aurkako eraso planifikatu honen gainetik, jakin, ez zaituztegula sekula bakarrik utziko", aldarrikatu dute. "Elkartasuna eta elkarrekiko babesa delako herri honek duen baliorik handiena, eta horregatik izango gaituzue ondoan. Orain inoiz baino gehiago".
"Jendarte libre, justu, feminista batekin amesten dugun herritarrak gara, eta, nola ez, egunerokoan horren alde han eta hemen borrokan altxatzen garenak. Borrokan erori eta altxa. Herriaren alde, eskubideen alde, pertsonen alde, askatasunaren alde... Euskal Herriak aurrera egingo du, atzo gaur eta beti, gure balioak eta ametsak ezin direlako espetxeratu".
Azkenik, norbanako eta eragileei dei egin diete datozen asteetan zabalduko diren deialdietan parte hartzera eta tokian toki antolatuko diren elkartasun keinuak zabaltzera: "Denbora gure kontra jarri nahi dute haiek, prozesu hau ahalik eta gehien luzatuz eta Aitor eta Galderri eta haien senide eta lagunei zigor bikoitza ezarriz. Jarri dezagun guk denbora gure alde, bete ditzagun Euskal Herriko kale, plaza eta txosnak elkartasunez, eta zabal dezagun gure mezua lau haizetara, jakin dezatela behingoz herri honek zutik dirauela".
KRONOLOGIA: Bost urteko ANkerkeria (2018-2023)
Bi gazte arabarren auzia duela bost urte hasi zen, eta ANkerkeriari Stop-ek Bost urteko ANkerkeria (2018-2023) infografiaren bitartez laburbildu du prozesu osoa. 2018an, Ertzaintzak ustezko material lehergarria zuen bidoi bat aurkitu zuen Dura herrian (Arratzua-Ubarrundian), eta aurreko urteetan gertatutako sabotajeekin lotu zuen.
Ustezko "zulo" horren arduradunak bilatzeko ikerketaren barruan, hainbat hilabete beranduago, 2019ko otsailaren 7an, Ertzaintzak Zelaia eta Barbado atxilotu zituen, Agurainen eta Amurrion, hurrenez hurren. Auzitegi Nazionalak behin-behineko espetxeratzea agindu zuen, eta gazteek sei hilabete eman zituzten hainbat kartzelatan preso, 2019ko uztailean baldintzapean aske gelditu ziren arte, epaiketaren zain.
Urte eta erdi beranduago egin zen epaiketa Auzitegi Nazionalean, COVID-19aren pandemia betean, 2021eko urtarrilaren 21ean eta 22an. Fiskaltzak zortzi urteko espetxe zigor eskaerari eutsi zion arren, Angela Murillo epaileak otsailaren 2an eman zuen epaia: lau urteko espetxe zigorra eta 10 urteko inhabilitazioa.
Defentsako abokatuen errekurtsoak bi urte beranduago, apirilaren 26an, iritsi ziren Auzitegi Goreneko epaileen eskuetara. Maiatzaren amaieran ezagutu dugu epai irmoa.