EAJ

"Berriztagarrien inguruko itun zabal bat lortzea espero dut"

Anakoz Amenabar 2023ko mai. 19a, 06:00

Hirugarrenez har dezake Gonzalezek Arabako Aldundiko aginte makila. / A. Amenabar

Trantsizio energetikoa izango da erronka nagusietako bat hurrengo urteetan, Gonzalezen arabera, eta horri zuzenki lotuta autogintzaren transformazioa; "Arabak industriaren eraldaketa sakona egin behar du".   

Inkesta guztien arabera, Ramiro Gonzalezen (Burgos, 1962) hirugarren agintaldia gertu egon daiteke. Legealdi "berezia" izan bada ere, pozik dago PSErekin batera osatutako foru gobernuak egin duen lanarekin, eta aurrera begira ere "egonkortasuna" bermatzeko formula aproposena dela uste du.

Atzera begira, pandemia bat eta gerra bat tartean, nolako legealdia izan da?

Legealdi berezia izan da. Hasiera batean planteatuta genituen ekimen batzuk aldatu behar izan genituen. Hauteskunde programan auditorioa edo futbol-zelai bat eraikitzea proposatzen genuen, besteak beste, eta pandemiarekin lehentasunak bideratzeko hausnarketa bat egitea beharrezkoa izan zen; ez zen inbertsio horiek egiteko unea, familiak eta enpresak lagundu behar genituen ekonomiari eutsi ahal izateko.

Horiek berreskuratzeko garaia al da orain? Auditorioa, esaterako?

Pausoz pauso joango gara. Berriki Principalen erreforma egiteko aurrekontua eta proiektua onartu ditugu, eta hori da lehenengo urratsa Gasteizko kultur ekipamenduak hobetzeko. Inbertsio handi horrekin hasiko gara, eta gero beste batzuk etorriko dira.

Foru gobernua errepikatuko zenuke PSErekin?

Zortzi urte hauetako gobernuaren balantze ona egiten dut, lurraldearen egoeraren diagnostikoa eginik landu beharreko premietan oinarritu den agintaldia.

Beste formula batzuk egon daitezke?

Arabako gizarteak egonkortasuna behar du orain, eta aipatu gobernuak, ezberdinen arteko formulak, egonkortasun hori eskaintzen duela uste dut.

"Arabako gizarteak egonkortasuna behar du, eta orain arteko formulak hori eskaintzen du"

Aldaketa klimatikoari aurre egiteko prest gaude? Urte hasiera oso lehorra izan da...

Aldaketa garrantzitsuak ekarriko ditu krisi klimatikoak. Zehazki, lehortearen kasuan, ur-hornidura bermatzeko neurriak hartzen ari da Diputazioa; udalerri batzuetan neurri osagarriak beharko dira ziurrenik. Herritarren kontsumoaz harago, nekazaritza eta abeltzaintzari bete-betean eragiten dio honek, eta garaia da laboreak birpentsatu eta hausnarketa bat egiteko. Nekazaritzaren teknifikazio baterantz jo behar dugu, ur-kontsumo txikiagoa beharko duena, eta lan egin beharko dugu tenperatura altuagoak eta ur gutxiago izango dugun egoerari aurre egiteko.

Arabako Errioxan, zehatzago, nolako neurriak hartuko dira?

Moredan, esate baterako, ureztatze sistema eraldatzeko lanean ari gara, eta Elvillarren ere lehenbailehen heldu nahi diogu. Gainera, Hazik ikerketa garrantzitsuak egin ditu etorkizunean egoera honi nola aurre egin erabakitzeko, eta, bestalde, Basque Culinary Centerrekin batera abian jarriko dugun ardoaren ikerketa eta formazio zentro berriak hori ere ikergai izango du. Erakundeek apustu argia egin dute ardoaren kalitatearen eta bikaintasunaren alde. Zentroa 2024an hasiko da lanean, eta 2025erako izango du espazio fisikoa, bai Gasteizen eta baita Arabako Errioxan ere.

Marka propiorik gabe babestu al daiteke produktua?

Ardogileek aho batez adierazi dute beharrezkoa dela bereiztea. Kalitatea bermatu arren, bereizteko gaitasunik ez badago, askoz ere balio gutxiago izango du. Merkatuan jartzeko gaitasuna izan behar dugu. Espainiako egungo legediak kontseilu arautzaileen esku uzten du marken jabetza, kasu honetan Errioxakoaren esku, eta Aldundiaren asmoa marka hori eskualdearentzat berreskuratzea da. Gai juridikoez harago, halere, jarrera bateratu bat behar genuke bertako ardoa bereizteko formula ona zein den zehazteko; Diputazioarentzat Arabako Errioxa izendapena da.

Autogintza sektorearen transformaziorako baldintza egokiak ditu Arabak?

Legealdi honetako erronka estrategiko bat trantsizio horretan ondo kokatzea izan da, mugikortasunaren deskarbonizaziorantz joko duen garai betean, eta erakundeetatik lan handia egin dugu etorkizunean oso garrantzitsua izango den Automozio Fabrikazio Aurreratuko Zentroarekin. Oso elementu inportantea izan da, eta, nire ustez, ia erabakigarria Mercedesek Gasteizko lantegiaren alde egin dezan. Ibilgailu elektrikoaren aldeko apustu horrek eta Basquevolt bateria elektrikoak ekoizteko lantegia bultzatzeko erabakiak uste dut Araba izugarri ondo kokatzen dutela sektorearen transformaziorako.

Ez al daude sektoreko lanpostuak arriskuan?

Uste dut enplegua sortuko dela, eta nabarmen. Izan ere, erakundeen lana ez da soilik Mercedesen eraldaketa edo bateria lantegiaren instalazioa sustatzea; bi proiektu horien inguruan enpresa-ekosistema oso bat sortzea da helburua, enpresa horientzat lan egiten duten tokiko hornitzaileen parke oso bat. Hurrengo urteetako erronka handienetako bat izango da hori, ziurrenik hurrengo hamarkadakoa.

"Ez dut ikusi oposizio politiko garrantzitsurik Labrazan, ezta sozialik ere"

Parke eolikoek ere emango dute zeresana.

Energia berriztagarrien ekoizpena azkartu eta irmoki bultzatzen dugu ala gure herriaren etorkizuna arriskuan dago. Energia gehiena mugikortasunak eta industriak kontsumitzen dute, zati txiki bat etxeko kontsumoari eta zerbitzuei dagokio, eta kontsumitzen dugun energiaren %8 baino ez dugu ekoizten, beraz, bultzatu egin behar dugu. Pixkanaka mugimenduak gertatzen ari dira esparru politikoan, eta espero dut energia berriztagarrien ekoizpenaren inguruko itun zabal bat lortzea. Energia berriztagarriko proiektu txikiak bultzatzen jarraitu behar dugu, baina ekoizpen prozesu intentsiborik gabe erabat ezinezkoa da mugikortasuna eta industria mantentzea.

2024rako aurreikusi duten Labrazako parke eolikoak 6.000 alegazio baino gehiago jaso ditu.

Edozein proiektu garrantzitsuri egiten zaizkion alegazioak egin zaizkio, ez gehiago. Hala ere, zehazki Labrazakoan ez dut ikusi oposizio politiko garrantzitsurik, ezta sozialik ere; hainbat deialdi egin dira, eta, deialdi guztiekiko errespetu osoz, ikusi dut bertaratu denen kopurua gero eta txikiagoa izan dela. Uste dut jendarteak oro har badakiela halako proiektuak bultzatu behar direla, betiere ingurumen bermeekin egiten badira.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago