Astelehen goizean osatu dira Arabako Batzar Nagusiak, XII. legegintzaldirako. Vox izan ezik, beste alderdi guztien artean banatu dituzte kontrol postuak: Irma Basterra (EAJ) izango da presidentea; Eva Maria Jimenez (PSE) izango da lehenengo presidenteordea, eta Jose Damian Garcia Moreno (Elkarrekin) bigarrena; Nerea Martinez (EH Bildu) izango da lehenengo idazkaria, eta Miguel Garnika (PP) bigarrena.
Jeltzaleek eta sozialistek gehiengo osoa galdu dute legegintzaldi honetan, baina foru hauteskundeetan lortutako gehiengo soila erabili dute Arabako legebiltzarreko bi kargu nagusiak eskuratzeko: presidentetza eta lehen presidenteordetza. Horrez gain, hirugarren bozketan boto-paperak hutsik utzi dituzte, PPk bigarren idazkaritza eskuratzea ahalbidetzeko.
Jonathan Romero batzarkide ultraeskuindarra (Vox-eko ordezkari bakarra) mahaitik kanpo gelditu da, bere burua mahaiaren postu guztietarako aurkeztu duen arren; bozketa guztietan boto bakarra jaso du: berea.
Diputatu nagusiaren inbestidura
Alderdi nagusi guztiak batzarretako mahaian izatea ahalbidetuz, foru gobernua osatuko duten bi alderdiek (EAJ eta PSE) beste hiru taldeekin akordioak lortzeko borondatea agertu dute. Mahaiaren lehen erabakietako bat izan da lehen osoko bilkura datorren ostiralerako deitzea; bertan erabakiko da Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusiaren inbestidura saioa noiz izango den.
Orain arte Lurralde Orekako foru diputatu Irme Basterrak karguan bi legegintzaldi (2015-2023) zeramatzan Pedro Elosegiren lekukoa hartu du Batzar Nagusietako presidente gisa.
|
|