Batzar Nagusiak

EAJk eta PSEk gehiengo osoa galdu dute Arabako foru hauteskundeetan

Erredakzioa 2023ko mai. 28a, 23:30

EAJ eta PSEk ez dute gehiengo absolutua lortu foru gobernua osatzeko. / Argazkia: BBNN

EAJk Arabako Batzar Nagusietarako foru hauteskundeak irabazi ditu berriz ere, baina bi batzarkide galduta eta PSErekin gehiengo osoa lortu gabe. EH Bildu lehen indarra izatetik 1.200 boto eskasera geratu da. Vox-ek batzarkide bat lortu du lehen aldiz.

Gasteizko lehen indarra izatea lortuta, EH Bilduren igoera Arabako Batzar Nagusietara zabaldu da ere. Boto gutxiko aldearekin, EAJk (15 batzarkide, bi galduta) lehen indarra izaten jarraitzen du, baina bi ezberdintasun nagusirekin 2019ko emaitzekin alderatuta: alde batetik, PSErekin (9 batzarkide, bat galduta) batera ez du gehiengo absolutua osatzen; bestetik, EH Bildu (14 batzarkide, bi irabazita) lehen indarra izatetik 1.200 boto ingurura gelditu da.

Hortaz, Ramiro Gonzalezek akordio berriak bilatu beharko ditu hirugarren aldiz foru gobernuaren buru izan nahi badu. Joko horretan sartuko dira, bigarren eta hirugarren indarraz gain, PP (9 batzarkide, bat irabazita) eta Elkarrekin Podemos (3 batzarkide, bat galduta).

Nolanahi ere, EH Bilduko ahaldungai Eva Lopez de Arroyabek diputatu nagusi izateko aukera izango luke, PSE eta Elkarrekin Podemosekin gehiengo osoa lortzeko akordioa erdietsiko balu.

Hauteskunde gauaren beste ezustekoa Vox alderdi ultraeskuindarraren agerpena izan da. Lehen aldiz batzarkide bat izango du Arabako Batzar Nagusietan, 4.000 arabarrek baino gehiagok botoa eman baitiote, %3ko gutxieneko langa gaindituta.


Udal hauteskundeen emaitzak

Arabako foru hauteskundeen emaitzak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago