Laugarren greba eguna izan dute gaur Michelinek Gasteizen duen fabrikan; oraingoan, sindikatu guztien eta enpresa batzordearen %100aren babesarekin. Izan ere, ostiralean, CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek (Gasteizko enpresa batzordearen %53) uko egin zioten zuzendaritzaren azken eskaintzari, eta larunbaterako zein astelehenerako ELA, LAB, ESK eta CGT sindikatuek (%47) deitutako grebarekin bat egitea erabaki zuten.
Joan den asteko mobilizazio jendetsuaren eta ekainaren 5ean eta 7an egindako lehen lanuzteen ostean, hilaren 10ean (larunbatean) eta 12an (astelehenean) grebara deituta zeuden enpresako 3.500 langileak, goizeko eta arratsaldeko txandetan. Bi egunetan, berriz ere, grebaren jarraipena %95 ingurukoa izan da tailerretan, eta gaurkoan, bi astetan laugarrenez, ekoizpena eten du lanuzteak. Zuzendaritzaren arabera, berriz, jarraipena plantilla osoaren %51,6koa izan da.
Gainera, estatu mailan, lantokien arteko batzordeak ultimatum bat bidali zion ostiralean zuzendaritzati, astelehena baino lehen beste bilera bat deitzeko hiru eguneko epea emanda. Zuzendaritzak egoera bideratzen ez badu, ekainaren 19an eta 23an grebak deituko dituzte Michelinek Iberiar Penintsula osoan dituen lantoki guztietan.
Egoera horren aurrean, Michelingo zuzendaritzak amore eman eta asteartean, 11:00etan, Burgosen langileen ordezkariekin berriro biltzea onartu du.
Erosteko ahalmena ardatz
Langileen eta sindikatuen aldarrikapen nagusia erosteko ahalmena eta KPIa bermeekin berreskuratzea da, baina lanaldia murriztea, lanaldi gehigarriak kentzea, behin-behinekotasuna murriztea eta team building-a kentzea ere eskakizunen artean daude, baita osasuna babesteko eta bizi kalitatea hobetzeko neurriak ere, bereziki adineko langileentzat.
Hitzarmen berriaren estatu mailako negoziazioen aurrean, Gasteizko plantillaren haserrea mobilizatzeari ekin diote, hasieratik, ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek, enpresa batzordearen gehiengoa osatzen ez duten arren —%45 dira, 27 ordezkarietatik hamabi—. Merezi dugun hitzarmenaren alde lelopean, lau greba egun deitu dituzte egunotan.
Neurri handi batean, hasiera batean greba deialdiekin bat egin ez duten CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek negoziazioetan izandako jarrera salatzea izan da grebaren helburuetako bat. Hemendik aurrera, berriz, batasun sindikala erdietsita, enpresa batzordea eta zuzendaritza izango dira aurrez aurre.
Sindikatuen lehen proposamenak %27ko soldata igoera planteatzen zuen lau urteko epean. Multinazionalaren azken proposamenak %12 inguruko igoera baino ez du jarri mahai gainean: %5 2023an, %3 2024an, %2 2025ean eta beste %2 2026an. Enpresaren eskaintzak biurteko bakoitzean soldatak %2 gehiago igotzeko aukera jasotzen du, baina horretarako bi baldintza bete behar dira: KPIa bi urte horietan soldata eskaintza baino handiagoa izatea —%8 2023/2024 biurtekoan, eta %4 2025/2026 biurtekoan—; eta enpresaren etekinak nahikoak izatea soldata igoera hori gauzatu ahal izateko.