Espero zitekeen, eta ofiziala da: Michelingo plantillaren haserre orokortuak enpresa batzordeko sindikatu guztiak bultzatu ditu grebarekin bat egitera. Astelehenean, milaka langilek ekoizpena eten zuten, ELA, LAB, ESK eta CGT sindikatuek (enpresa batzordearen %47) deitutako lehen greba egunean. Asteartean, berriz ere ekoizpena geldiarazi zuten, eta jarraipen are zabalagoa izan zen bigarren greba egunean.
Ostiral honetan izan da azken mahai negoziatzailea, Burgosen, estatu mailako lantokien arteko batzordearen eta zuzendaritzaren artean. Eta Gasteizko lantegiko enpresa batzordearen %100a osatzen duten sindikatuek uko egin diote zuzendaritzaren azken proposamenari. Gasteizen, gainera, CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek (%53) beste sindikatuen greba deialdiarekin bat egitea erabaki dute.
Joan den asteko mobilizazio jendetsuaren eta ekainaren 5ean eta 7an egindako lehen lanuzteen ostean, hilaren 10ean (larunbatean) eta 12an (astelehenean) grebara deituta daude enpresako 3.500 langileak, oraingoan goizeko eta arratsaldeko txandetan.
Greba estatu osoan?
Estatu mailan, lantokien arteko batzordeak ultimatum bat bidali dio enpresari, eta hiru eguneko epea eman dio astelehena baino lehen beste bilera bat deitzeko. Zuzendaritzak egoera bideratzen ez badu, ekainaren 19an eta 23an grebak deituko dituzte Michelinek Iberiar Penintsula osoan dituen lantoki guztietan.
Erosteko ahalmena ardatz
Langileen eta sindikatuen aldarrikapen nagusia erosteko ahalmena eta KPIa bermeekin berreskuratzea da, baina lanaldia murriztea, lanaldi gehigarriak kentzea, behin-behinekotasuna murriztea eta team building-a kentzea ere eskakizunen artean daude, baita osasuna babesteko eta bizi kalitatea hobetzeko neurriak ere, bereziki adineko langileentzat.
Hitzarmen berriaren estatu mailako negoziazioen aurrean, Gasteizko plantillaren haserrea mobilizatzeari ekin diote, hasieratik, ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek, enpresa batzordearen gehiengoa osatzen ez duten arren —%45 dira, 27 ordezkarietatik hamabi—. Merezi dugun hitzarmenaren alde lelopean, lau greba egun deitu dituzte egunotan.
Neurri handi batean, hasiera batean greba deialdiekin bat egin ez duten CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek negoziazioetan izandako jarrera salatzea izan da grebaren helburuetako bat. Hemendik aurrera, berriz, batasun sindikala erdietsita, enpresa batzordea eta zuzendaritza izango dira aurrez aurre.
Sindikatuen lehen proposamenak %27ko soldata igoera planteatzen zuen lau urteko epean. Multinazionalaren azken proposamenak %12 inguruko igoera baino ez du jarri mahai gainean: %5 2023an, %3 2024an, %2 2025ean eta beste %2 2026an. Enpresaren eskaintzak biurteko bakoitzean soldatak %2 gehiago igotzeko aukera jasotzen du, baina horretarako bi baldintza bete behar dira: KPIa bi urte horietan soldata eskaintza baino handiagoa izatea —%8 2023/2024 biurtekoan, eta %4 2025/2026 biurtekoan—; eta enpresaren etekinak nahikoak izatea soldata igoera hori gauzatu ahal izateko.