Protestak hasi dira Michelinen, plantillaren babes zabalarekin

Erredakzioa 2023ko mai. 31a, 09:00

Michelingo langileek Gasteizko kaleak hartu zituzten atzo, hitzarmenaren negoziazioetan erosteko ahalmena berreskuratzea exijitzeko. ELA, LAB, CGT eta ESKk deitutako lau greba egunak ekainaren 5etik 12ra bitartean izango dira azkenean.

ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek deituta, Michelinek Gasteizen duen fabrikako milaka langile bildu dira astelehen honetan, KPIaren araberako soldata igoerak exijitzeko. Eguerdian, lantegiaren sarreran egindako elkarretaratzean, 500 bat lagun; eta arratsaldean, 18:30ean Bilbo plazatik abiatuta Andre Maria Zuriaren plazaraino iritsi zen manifestazioan, 2.000 pertsona baino gehiago. Gaur egun, 3.300 langile inguru ditu enpresak Gasteizko lantokian.

Michelingo langileen uniforme urdin-horiek —Zeledonen estatuari ere jantzi zioten—, kezko bengalek, oihuek,  txilibituek, txistuek, bozinek, bonboek eta zintzarriek ezaugarritu dituzte mobilizazioak.

Hitzarmen berriaren estatu mailako negoziazioen egoeraren aurrean plantillaren haserrea mobilizatzeari ekin diote lau sindikatuek, enpresa batzordearen gehiengoa osatzen ez duten arren —%45 dira, 27 ordezkarietatik, hamabi—.  "Merezi dugun hitzarmenaren alde" lelopean, lau greba egun deitu dituzte datozen egunetan; neurri handi batean, deialdiekin bat egin ez duten CCOO, UGT eta CSIF sindikatuen jarrera salatzea izango da grebaren helburuetako bat.

Lau sindikatu horien aldarrikapen nagusia erosteko ahalmena eta KPIa bermeekin berreskuratzea da, baina lanaldia murriztea, lanaldi gehigarriak kentzea, behin-behinekotasuna murriztea eta team building-a kentzea ere eskakizunen artean daude, baita osasuna babesteko eta bizi kalitatea hobetzeko neurriak ere, bereziki adineko langileentzat.

Sindikatuen lehen proposamenak %27ko soldata igoera planteatzen zuen lau urteko epean. Multinazionalaren azken proposamenak %12 inguruko igoera baino ez du jarri mahai gainean: %5 2023an, %3 2024an, %2 2025ean eta beste %2 2026an.

Grebaren data aldaketa

Lau greba egun izango dira datozen egunetan. Hasiera batean lanuzteak asteazken honetan, maiatzaren 31n, hasiko ziren arren, "akats burokratiko" baten ondorioz beranduago hasiko dira: ekainaren 5ean (astelehena), 7an (asteazkena), 9an (larunbata) eta 12an (astelehena).

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago