Bigarren greba eguna Michelinen: "Gaur, berriro, ez da ekoizpenik aterako"

Erredakzioa 2023ko eka. 7a, 10:00

Michelingo bigarren lanuztearen jarraipena %90etik gorakoa izan da, sindikatuen arabera, eta grebalariek tailerren ekoizpena etetea lortu dute berriz ere.

Pikete eta mobilizazio jendetsuekin, %93ko jarraipen zabalarekin eta ekoizpen-lerroak geldirik, lau greba eguneko lehenari ekin zioten astelehenean Michelingo langileek, hitzarmenaren negoziazioetan erosteko ahalmena berreskuratzea exijitzeko.

ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek asteazken honetan deitutako bigarren greba egunak Michelinek Gasteizen duen fabrikaren produkzioa erabat geldiarazi du berriz ere, eta oraingoan jarraipena %95ekoa izan dela ziurtatu dute sindikatuek. "Gaur, berriro, ez da ekoizpenik aterako Gasteizko Michelinetik. Merezi dugun lan hitzarmena lortuko dugu", zabaldu du ESK sindikatuak sare sozialetan.

Joan den asteko mobilizazio jendetsuaren ostean, ekainaren 5ean, 7an, 10an eta 12an grebara deituta daude enpresako 3.500 langileak. Astelehen eta asteazkenean, hiru txandetan; larunbatean eta hurrengo astelehenean, goizeko eta arratsaldeko txandetan.

Erosteko ahalmena ardatz

Langileen eta greba deitu duten sindikatuen aldarrikapen nagusia erosteko ahalmena eta KPIa bermeekin berreskuratzea da, baina lanaldia murriztea, lanaldi gehigarriak kentzea, behin-behinekotasuna murriztea eta team building-a kentzea ere eskakizunen artean daude, baita osasuna babesteko eta bizi kalitatea hobetzeko neurriak ere, bereziki adineko langileentzat.

Hitzarmen berriaren estatu mailako negoziazioen aurrean plantillaren haserrea mobilizatzeari ekin diote ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek, enpresa batzordearen gehiengoa osatzen ez duten arren —%45 dira, 27 ordezkarietatik hamabi—. Merezi dugun hitzarmenaren alde lelopean, lau greba egun deitu dituzte datozen egunetan; neurri handi batean, greba deialdiekin bat egin ez duten CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek negoziazioetan izandako jarrera salatzea izango da grebaren helburuetako bat.

Sindikatuen lehen proposamenak %27ko soldata igoera planteatzen zuen lau urteko epean. Multinazionalaren azken proposamenak %12 inguruko igoera baino ez du jarri mahai gainean: %5 2023an, %3 2024an, %2 2025ean eta beste %2 2026an. Enpresaren eskaintzak biurteko bakoitzean soldatak %2 gehiago igotzeko aukera jasotzen du, baina horretarako bi baldintza bete behar dira: KPIa bi urte horietan soldata eskaintza baino handiagoa izatea —%8 2023/2024 biurtekoan, eta %4 2025/2026 biurtekoan—; eta enpresaren etekinak nahikoak izatea soldata igoera hori gauzatu ahal izateko.

Ostiralean, mahai negoziatzailea

Ekainaren 9an, ostiral honetan, izango da hurrengo mahai negoziatzailea, estatu mailakoa, lantokien arteko batzordearen eta zuzendaritzaren artean. "Gasteizko plantillak lantokien arteko batzordetik atera daitezkeenak baino lan baldintza askoz hobeak merezi ditu, eta horretarako ez dago negoziazio esparru propioa ez den beste biderik", aldarrikatu dute sindikatuek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago