Bideoa: PHOT.OK / ALEA
Michelinek Gasteizen duen fabrikaren produkzioa erabat geldiarazi du ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek astelehen honetan deitutako lehen greba egunak. Joan den asteko mobilizazio jendetsuaren ostean, ekainaren 5ean, 7an, 10an eta 12an grebara deituta daude enpresako 3.500 langileak. Astelehen eta asteazkenean, hiru txandetan; larunbatean eta hurrengo astelehenean, goizeko eta arratsaldeko txandetan.
05:00etatik aurrera egindako pikete eta mobilizazioetan ehunka langile bildu dira. Tailerretan jarraipena %93koa izan dela jakinarazi dute sindikatuek, eta lanuzteak pneumatikoen fabrikazioa eten du, zenbait ekoizpen-lerro martxan izan diren arren. Zuzendaritzaren arabera, berriz, tailerretako zein bulegoetako plantilla osoaren %44,7k bat egin du lanuzteekin eta tailerretan jarraipena %69 ingurukoa izan da.
12:30etik aurrera, arratsaldeko txandaren aurretik, piketeak izan dira berriz ere; 13:00etan elkarretaratzea egin dute fabrikaren sarreran; eta arratsaldean, 18:00etan, eguneko manifestazio nagusia egin dute, Bilbo plazatik abiatuta; milaka langile bildu dira.
Goizeko irudiak
Arratsaldeko irudiak
🏭🔴 Michelingo milaka langile kalera atera dira lau greba eguneko lehenengoan. Hitzarmenaren negoziazioan erosteko ahalmena berreskuratzea exijitzen ari dira ▶️ https://t.co/6ehhj8QdsW pic.twitter.com/b1iYkHhnDn
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) June 5, 2023
🏭🔴 Pikete eta mobilizazio jendetsuekin, %93ko jarraipen zabalarekin eta ekoizpen-lerroak geldirik, lau greba eguneko lehenari ekin diote Michelingo langileek ▶️ https://t.co/6ehhj8QdsW pic.twitter.com/ggiG0jlK4M
— Arabako ALEA (@ArabakoALEA) June 5, 2023
Erosteko ahalmena ardatz
Langileen eta greba deitu duten sindikatuen aldarrikapen nagusia erosteko ahalmena eta KPIa bermeekin berreskuratzea da, baina lanaldia murriztea, lanaldi gehigarriak kentzea, behin-behinekotasuna murriztea eta team building-a kentzea ere eskakizunen artean daude, baita osasuna babesteko eta bizi kalitatea hobetzeko neurriak ere, bereziki adineko langileentzat.
Hitzarmen berriaren estatu mailako negoziazioen aurrean plantillaren haserrea mobilizatzeari ekin diote ELA, LAB, CGT eta ESK sindikatuek, enpresa batzordearen gehiengoa osatzen ez duten arren —%45 dira, 27 ordezkarietatik hamabi—. Merezi dugun hitzarmenaren alde lelopean, lau greba egun deitu dituzte datozen egunetan; neurri handi batean, greba deialdiekin bat egin ez duten CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek negoziazioetan izandako jarrera salatzea izango da grebaren helburuetako bat.
Sindikatuen lehen proposamenak %27ko soldata igoera planteatzen zuen lau urteko epean. Multinazionalaren azken proposamenak %12 inguruko igoera baino ez du jarri mahai gainean: %5 2023an, %3 2024an, %2 2025ean eta beste %2 2026an. Enpresaren eskaintzak biurteko bakoitzean soldatak %2 gehiago igotzeko aukera jasotzen du, baina horretarako bi baldintza bete behar dira: KPIa bi urte horietan soldata eskaintza baino handiagoa izatea —%8 2023/2024 biurtekoan, eta %4 2025/2026 biurtekoan—; eta enpresaren etekinak nahikoak izatea soldata igoera hori gauzatu ahal izateko.
Ostiralean, mahai negoziatzailea
Ekainaren 9an, ostiral honetan, izango da hurrengo mahai negoziatzailea, estatu mailakoa, lantokien arteko batzordearen eta zuzendaritzaren artean. "Gasteizko plantillak lantokien arteko batzordetik atera daitezkeenak baino lan baldintza askoz hobeak merezi ditu, eta horretarako ez dago negoziazio esparru propioa ez den beste biderik", aldarrikatu dute sindikatuek.