ARABA EUSKARAZ 2023

Euskaraz busti da Olarizu

Erredakzioa 2023ko eka. 11a, 13:32

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Araba Euskaraz jaia ospatzen ari dira milaka euskaltzale Gasteizen. Eguraldiak eutsi dio, eta euriak goiz hasieran baino ez du busti.

Milaka lagun bildu dira gaur Olarizun Arabako Ikastolen alde urtean behin egiten den ospakizun erraldoian. 

Goizeko hamarretan eman diote hasiera hitzorduari, Armentia ikastolako ikasleez osatutako Xubton Stilt musika taldearen jazz doinuen laguntzaz. Besteak beste, hasierako ekitaldian parte hartu dute Unai Mendizabal Arabako ikastolen presidenteak, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak, Gorka Urtaran Gasteizko jarduneko alkateak eta Ramiro Gonzalez jarduneko diputatu nagusiak.  

Ondoren Bostak Bat taldeari omenaldia egin diote, duela 40 urte hiztegigintzan hasitako jardun aitzindaria gogora ekarriz. Lautada ikastolako ikasleen dantza batek eta Antton Aranburu ikastolako gurasoaren kantak borobildu dute ekitaldia.

Iaztik hasita, lurraldeko zortzi ikastolek batera antolatzen dute Araba Euskaraz, Gasteizen. Urtero toki berean ospatuta ere, ikastola bati bereziki laguntzeko formula mantendu dute. Hala, 2022ko edizioan Argantzon ikastolaren aldeko ospakizuna izan zen, eta, aurten, Aguraingo Lautada ikastolaren alde egin dute.  

-EKIN leloan abiatuta, milatik gora landare espezie artean gauzatzen ari da ikastolen aldeko jaia. Iaz irekitako bideari jarraiki, naturari lotutako kontzeptuekin izendatu dituzte jai eremua osatzen duten hiru eremuak. Iaz Haritza, Pagoa eta Ametza izan ziren modu berdinean, aurten lehen gunea Lautada izan da, Mendia bigarrena, eta Erreka hirugarrena.

Egun handia gaurkoa bada ere, urtean zehar askotariko ekimenak abiatu dituzte. Antolatzaileek behin baino gehiagotan nabarmendu dutenez, ospakizun zentrala Gasteizen eta egun zehatz batean izanda ere, ikastolen aldeko lana urte osoan eta lurralde osoan zehar zabaldu eta ikustarazi nahi izan dute. Besteak beste, aurten dantzaldiak, kontzertuak, ibilaldiak, kalejirak eta zesta-punta jaialdiak egin dituzte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago