"Euskara ikertu, egokitu eta zabaltzeagatik", Bostak Bat kultur elkarteak jasoko du aurtengo Arabako ikastolen omenaldia. 1982an sortu zuen taldea Euskaltzaindiak, ikastoletako eta gau eskoletako irakasleen prestakuntza alorrean ziren premiei erantzuteko asmoarekin, eta, euskara hutsezko Sinonimoen hiztegia-rekin eman zioten hasiera bideari; Adorez hiztegi sortaren 40. urteurrenean egindako lanaren aitortza egingo diete Araba Euskarazen.
Euskarako tituluak emateko unibertsitaterik ez zegoenez, Euskaltzaindiak bere gain hartu zuen euskara irakasten ari zirenen prestakuntza, eta horretarako eskarmentu handia zuen zenbait pertsonaren laguntza eskuratu zuen, eta talde berezi bat abian jarriz. Alfontso Irigoienen ardurapean lehenago, Bostak Bat lantaldea osatu zuten gero. Ikastaro berezietarako materiala ez zegoela ikusirik erabaki zuten lanean hastea, eta laster heldu zen Sinonimoen hiztegia, Adorez hiztegietan lehena.
"Argitaratzeko dirua guk geuk jarri behar izan genuen inork ez baitzuen sinesten euskara hutsezko hiztegi batek etorkizunik izan zezakeenik! Oso merke eskaini genuelako edota, agian, besterik ez zegoelako, izugarrizko arrakasta izan zuen gure liburuak urte horretako Durangoko azokan, libururik salduena izatera helduz", gogoratu dute Bostak Bateko kideek. Edizio erdia saldu zuten azokan, eta bultzada handia eman zien hurrengo lanetarako ere; 1986an heldu zen arrakasta handia izan zuen Euskararako Hiztegia.
Euskarazko hiztegigintzan egindako lan oparoa gogoratuko dute igande goizean –10:00etan, auditorio begetalean– antolatutako ekitaldian, eta esker ona adieraziko diete lantaldea osatu zuten sei kideei, "eta urte hauetan guztietan haiei lagundu dieten euskaltzain, ikerlari, irakasle, itzultzaile eta idazleei". Lantaldearen izenean, bi kidek jasoko dute Araba Euskarazen aitortza: Patxi Uribarren arabar euskaltzain emerituak eta Juan Luis Goikoetxea ohorezko euskaltzain eta taldeko zuzendariak.