araba euskaraz 2023

Hamabost urte, abiturik gabe

Erredakzioa 2023ko eka. 9a, 06:00

'Gogo biziz' lemapean egin zuten, 2010ean, Araba Euskaraz Agurainen. IKASTOLA ALDIZKARIA

Berriz ere Olarizuko zelaietan ospatuko da Arabako ikastolen aldeko jaialdia, ekainaren 11n. Aurtengo edizioa Aguraingo Lautada ikastolaren aldekoa izango da. 2008an sortutako ikastetxeak hamabost urte beteko ditu datorren urtean, eta bere hezkuntza proiektuari "bultzada" emateko baliatu nahi du festa.

Iragan ekainean ospatu zen azken Araba Euskaraz, Argantzon ikastolari laguntzeko, eta aurtengoa antolatzeari iazko jaiak utzitako "zapore gozoarekin" ekin diote herrialdeko ikastolek ikasturte hasieran. 2023ko edizioa, historiako lehenengoa eta iazkoa bezala, Olarizun ospatuko dute, -Ekin lelopean. Jaialdian lortutako dirua Aguraingo Lautada ikastolari laguntzeko erabiliko dute oraingoan. 2008an sortutako ikastetxeak 15 urte beteko ditu datorren urtean, eta bere hezkuntza proiektuari "bultzada" bat eman nahi diote. Gainera, Arabako Lautadan euskararen erabilera aldarrikatzeko eta eskualdearen euskalduntzea bultzatzeko baliatuko dute ekimena.

Egun, gurasoen kooperatiba da Lautada ikastola, baina urte luzez mojek eraman zuten Mariaren Bihotza ikastetxea izan zen, San Jorge auzoan. Desagertzeko arriskuan zegoen ikastetxe hori erosiz sortu zen Lautada ikastola Agurainen. Bertako gurasoek bide berri bati ekitea erabaki zuten orduan, eta kooperatiba bat osatu zuten, Ikastolen Elkartearen baitako proiektua. 2008ko azken egunean mojen eskola erosi zuten, titulartasuna eta eraikina barne.

2010ean, 'Gogo biziz'

Sortu eta berehala, 2010. urtean antolatu zuten lehenengoz Araba Euskaraz jaia, Gogo biziz lemapean. Araba Euskarazen bildu zen dirua eraikinaren maileguari erantzuteko izan zen, "baina kalitatea arlo guztietan bermatze bidean, eraikinean ditugun premia larrienei ere eman nahi diegu irtenbidea eta gimnasio bat ere egin beharra daukagu", adierazi zuen Javier Ameskoa orduko lehendakariak. Alderdi ekonomikoa garrantzizkoa bazen ere, herrian proiektua ezagutarazteak izan zuen lehentasuna. "Oraindik herritar batzuek mojen ikastetxea izaten jarraitzen dugula uste dute eta ikastola bat garela adierazteko ere balioko du egunak", erantsi zuen lehendakariak.

Araba Euskarazen XXX. edizio horretan euskaltzaleen erantzuna oso ona izan zen; eta orduko testuinguruak ika-mikarako tartea utzi zuen, murrizketen harira hainbat adierazpen gurutzatu egin baitzituzten Xabier Arrieta Arabako Ikastolen Elkarteko garaiko presidenteak eta Isabel Zelaa orduko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak.

Pedro Lope de Larrea, aurrena

Halere, Lautada ikastola ez da Araba Euskaraz Agurainen antolatu duen aurrena. 1985ean, lehen aldiz antolatu zuten jaia Agurainen. Kasu horretan, Pedro Lope de Larrea ikastolak hartu zuen ardura, garai horretan euskarazko hezkuntza bermatzen zuen zentro bakarra. Urte hartako Argia aldizkarian argitaratutako Arabako ikastolen festari buruzko artikulu batean, hala berretsi zuten: "Lautadako eskola transferituetan ematen den euskararen irakaskuntza guztiz penagarria da; ikastolan, berriz, 146 haur, 10 irakasle eta 90 sozio daude".

Aguraingo Lope de Larrea ikastola 1974-75 ikasturtean sortu zen,  eta Felixa Zabaleta eta Junkal Olaondo ziren hogei haurren irakasle; lan handia egin zuten euskara kaleratzeko eta bultzatzeko. 2010eko Araba Euskaraz festan irakasleei egin zitzaien omenaldi ekitaldian gogoratu zutenez, "herriko etxe zahar bat konpondu behar izan genuen nonbait eskolak ematen hasteko". Agian are zailagoa izan zen beren seme-alabek eskolak euskaraz jasotzeko interesa zuten familiak bilatzea. "Etxez etxe ibili ginen nekazarien familiei galdetzen ea nahi zuten; bidaia asko egin genituen batera eta bestera, hori bai egia".

Gerora, 1993ko publifikazio prozesuan publiko bihurtu zen Pedro Lope de Larrea; herriko eskola publikoarekin bat egin zuen eta egun D ereduarekin lan egiten dute.

EGITARAUA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago