Aurtengo martxoan Espainiako Auzitegi Gorenaren epai irmoa ezagutu ostean, denbora kontua zen De Miguel ustelkeria kasuan zigor nagusiak jaso zituzten lagunak espetxera sartzen hastea, haietako batzuen indultu eskaerekin zer gertatuko zain.
El Correo egunkariak eta Eldiario.es hedabideak argitaratu dutenez, horietako lehena izan da Xabier Sanchez Robles: zazpi urteko zigorra betetzeko borondatez sartu zen atzo arratsaldean Arabako probintzia espetxean. Egotzitako delitu nagusiak funts publikoak bidegabe erabiltzea eta agiri ofizialak faltsutzea dira.
Epaileek frogatutzat jo zuten Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendari karguaz baliatu zela ustelkeria sarearen pantaila-enpresei kontratu publikoak esleitzea bultzatzeko. Josune Gorospe Espainiako Kongresuko diputatu jeltzalearekin ezkonduta dago.
Sanchez Roblesekin batera, Alfredo de Miguel tramako burua (12 urte eta 4 hilabete; 9 urteko betearazpena), Koldo Otxandiano (6 urte eta 9 hilabeteko betearazpena) eta Aitor Telleria (5 urte eta hilabete bat) daude espetxeratuak izateko zorian. Beste hiru zigortu nagusiek ez bezala, Sanchez Roblesek ez du indulturik eskatu, ezta espetxeratzea atzeratu edo saihesteko azterketa medikoaren aukera erabili ere.
Hamalau urteko prozesua
Lehen espetxeratze hau De Miguel auzia abiatu zenetik hamalau urtera iritsi da. Trama kriminala 2009an ezagutarazi zen, Ainhoa Alberdi abokatuak salaketa jarri zuenean: ziurtatu zuenez, 100.000 euro eskatu zizkioten legez kanpo kontratu bat eskuratzearen alde. Salatutakoa, gainera, ez zen edozein gaizkile: Alfredo De Miguel foru diputatua eta Arabako Buru Batzarreko kide garrantzitsua.
2018an egindako epaiketaren ondoren, 2019ko amaieran, Arabako Probintzia Auzitegiak hamabost pertsona zigortu zituen guztira. Auzitegi Gorenak 2023ko urtarrilean berretsi zituen zigor nagusiak, eta martxoan plazaratu zuen epai irmoa.