Esanguratsua da oso gorputzaren lengoaia. Joan den ostegunean, Jaurlaritzaren gobernu kontseiluaren osteko prentsa agerraldian kazetari batek Beatriz Artolazabal justizia sailburuari De Miguel auziko epai irmoari buruzko balorazio bat eskatu zionean, datozen hauteskundeetan Gasteizen hautagai izango den politikariak pare bat aldiz irribarre ñimiñoa marraztu zuen aurpegian. Erantzunak ez zuen inor asaldatu. "Justiziaren erabakiak errespetatu, horiei men egin eta betearazi". Alboan zuen Bingen Zupiriari soberan suposatzen zaio ere komunikazio politikoan ondo trebatuta egotea, eta jakin badakiela isiluneetan ere gorputzak aise komunikatzen duela. Konturatu ala ez, alderdikideak erantzuten zuen bitartean, Zupiriak besoak gurutzatu zituen, aurpegian bat-bateko min imintzio bat egin zuen, eta, ondoren alboan zuen ur edalontzia edateari ekin zion.
Epai irmoa
Arras ezaguna da une horren abiapuntua. Ibilbide luze baten ostean, Arabako Lurralde Auzitegiak 2019ko abenduan De Miguel auziari buruz kaleratutako epaian frogatutzat emandako delitu gehienak berretsi ditu orain Espainiako Auzitegi Gorenak, irmoa den epai batean. Arabako auzitegiak emandako epaiak 26 akusatuetatik hamabost zigortu zituen. Horietatik hamahiruk helegitea aurkeztu zuten, baina Madrilen egoitza duen auzitegiak berretsi ditu zigor gehienak. Adibidez, Alfredo de Miguelen kasuan, Gorenak ez du frogatutzat eman Zanbranako Udalean trafiko influentzia egin izana, eta hamahiru urteko espetxe zigorra beharrean hamabi urte eta lau hilabetean utzi du. Aitor Telleriari ere zertxobait jaitsi diote zigorra, urtebete, eta bost urteko kartzelan geratu da. Koldo Otxandianoren kasuan, berriz, zigorra bere osotasunean mantendu dute, zazpi urteko kartzelarekin. Hiru euskal parke teknologikoen arduradun Julian Andres Sanchez Alegria da absolbitu duten bakarra.
Esperokoa zen bezala, erreakzio andana eragin du albisteak. Ohar baten bitartez EAJk ziurtatu du epaiak bermatzen duela kasuak ez duela "zerikusirik" EAJrekin, eta alderdian kautelaz bajan emanda mantendu dituzten arren, orain "epaia irmoa den aldetik, alderditik kanporatzeko behin betiko espedientea" gauzatuko dutela. Jaurlaritzan eta diputazioan EAJrekin batera gobernatzen duen PSEk ez du zarata askorik egin gaiaren bueltan, eta Justizian duten "konfiantza berretsi" dute ohar batean.
EH Bilduk adierazi du "ulertzeko zaila" dela EAJn ez jakitea zer gertatzen ari zen, eta gaiaren inguruan irmotasun falta leporatu dio alderdi jeltzaleari. Ahal Dugu-k ere "autokritika" eskatu dio EAJri De Miguel lanean mantentzeagatik, eta PPk adierazi du EAJri "erantzukizun politikoak" eskatu behar zaizkiola.
Erreakzio desberdinetan behin baino gehiagotan egin zaio erreferentzia kondenatutakoen lan egoera bitxiari. Izan ere, De Miguelek berak orain arte lanean jarraitu du Hazi erakunde publikoan, modu agerikoan gainera. Arabako Parke Teknologikoan mantendu dute Koldo Otxandiano ere. Azken epai hau ezagututa, orain Jaurlaritzak iragarri du zigortutako pertsona horiek kaleratuko dituztela, "Auzitegi Gorenaren sententzia eta Langileen Estatutua" betetzeko.
Legez kanpoko komisioak
Funtsean De Miguelen eta ingurukoen negozioa oso sinple eta zaharra izan den arren —kontratu publikoak ematearen alde komisioak kobratzea–, delitu sare hori egiteko delitu mota asko egin behar dira, eta epaiketan horietako asko azaleratu ahal izan dira. Besteak beste, influentzia trafikoa, prebarikazioarekiko indukzio edo lankidetza, funtzionariok erostea, ondasun publikoak bidegabe erabiltzea, dokumentuak faltsutzea, legez kanpoko elkartzea edo eta kapitalak zuritzea. Orain epai irmoa jaso duen trama kriminala 2009an ezagutarazi zen, Ainhoa Alberdi abokatuak salaketa jarri zuenean: ziurtatu zuenez, 100.000 euro eskaini zizkioten legez kanpo kontratu bat eskuratzearen alde. Salatutakoa, gainera, ez zen edozein gaizkile: Alfredo De Miguel foru diputatua zen, Arabako Buru Batzarreko kide garrantzitsua, gainera.
Ikerketa judizialak pixkanaka alfonbra asko mugitu zituen, eta tamaina handiko ustelkeria trama bat azaldu zen horien atzetik. Horietako asko Miñaoko teknologia parkeari lotuta egon ziren, bai beste zenbait administrazio publikori ere, hala nola Zanbrana, Zigoitia eta Lapuebla de Labarcako udalei. Horietan guztietan, antzekoa zen jokabidea: kontratu publikoak manipulatzea enpresarien aldetik komisio horiek lortzeko.
Lepo zuriko delinkuentzian ohikoa den moduan, horrelako jokabideekin eskuratutako dirutza zuritu ahal izateko, De Miguelek bideratutako tramak hainbat enpresa mamu sortu zituen, beren beregi sortutako sozietateez baliatuz. Komisioetako dirua kudeatzeko Kataia Consulting, Errexal eta Ortzi Muga sozietateak erabili zituzten, eta horietan izen-mailegatzaile edo testaferro gisa aritzeko De Miguelen eta Otxandianoren emazteak aritu ziren.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalera edo Europara jotzea lirateke jorratu ahalko lituzketen bide bakarrak, baina bi urte baino gehiagoko zigorra dutenek ezinbestean espetxera joan beharko dute.