Alfredo De Miguel Arabako EAJko buruzagi ohiak Jaurlaritzatik jaso duen "babesa" salatu dute EH Bilduk, PPk eta Elkarrekin Podemosek. De Miguel ustelkeriagatik epaitu zuten 2019an, eta hamahiru urteko kartzela zigorra jarri zioten. Jaurlaritzari lotutako Hazi fundazioa kudeatzen du gaur egun, eta Jaurlaritza ordezkatu izan du bisita ofizialetan, eldiario.eus hedabideak jakinarazi duenez.
EH Bilduk adierazi du Jaurlaritzak "babesa" ematen diola De Migueli, eta horrek erakusten duela "borondate eza" dagoela "adiskidekeriarekin bukatzeko". PPk, bere aldetik, EAJko burua "postu horretan jarri" izana leporatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari, eta agerraldia egiteko eskatu dio. Elkarrekin Podemos-IUk ere uste du adiskidekeriak "espazioa" duela erakundeetan, "ustelkeriagatik kondenatutakoekin barne".
Jaurlaritzak, aldiz, esan du ezin duela De Miguel kanporatu, haren kontrako zigorra ez delako irmoa. Auzia Espainiako Auzitegi Gorenaren esku dago. EAJk esan du Jaurlaritzak "legea bete" behar duela. "De Miguelek funtzionario plaza du; horrek eskubideak eta betebeharrak ematen dizkio, eta indarrean daude epaia irmoa izan arte".