1.000 orrialde baino gehiago dituen ebazpen judizialak espetxe zigorrak banatu ditu Arabako EAJren zuzendaritzako hiru kide ohientzat: Alfredo de Miguel, Koldo Otxandiano eta Aitor Telleria. Kataia Consulting komisio ilegalak kobratzeko sortu zutela frogatutzat eman du epaileak.
Alfredo de Miguel Arabako EAJren agintari ohiari 13 urte eta 3 hilabetekoko zigorra ezarri diote. Hala ere, gehienez bederatzi urte emango ditu kartzelan. Koldo Otxandiano -7 urte eta erdi- eta Aitor Telleria -6 urte eta erdi- ere zigortu dituzte.
Halaber, De Miguel auziko akusatu nagusiari leporatutako delitu gehienak ere frogatutzat eman dituzte: eroskeria, legez kontrako asoziazioa, zuritzea, bidegabe erabiltzea, eragin-trafikoa, dokumentuak faltsutzea edota prebarikazioa. Epaiak, ordea, ez du behartze delitua frogatutzat eman.
Espetxe-zigorrei 200.000 euro baino gehiagoko isunak gehitu behar zaizkie. Baita lanbide eta kargu publikoak izateko gaitasungabetzeak ere.
Kataia Consulting enpresaren sorreran parte hartu zuten Ainhoa Bilbaok, Araceli Bajok eta Iratxe Gaztelu-Urrutiak, hiru akusatu nagusien bikoteak. Lehenengoari -Alfredo de Miguelen bikotea- urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri diote; bigarrena -Aitor Telleriaren bikotea- absolbitu egin dute; eta azkenari -Koldo Otxandianoren bikotea- urtebete eta sei hilabeteko espetxe zigorra eta 178.420 euroko isuna ezarri dizkiote.
Elena Cabrero magistratuak hartu du epaia irakurtzeko ardura; Raul Aztiria eta Jaime Tapia epaileek ere sinatutako. Akusatuek Auzitegi Gorenera jotzeko aukera dute orain. Roberto Ramos instrukzio-epailea eta Josu Izaguirre eta Manuel Pedreira fiskalak izan dira ikerketaren arduradunak.
Gaur, 10:00etatik aurrera, ustelkeriagatik Araban inoiz egindako epaiketarik handienaren sententzia ezagutarazi du Arabako Auzitegiak, hamar urteko prozesuaren ostean. Akusatuak ez dira epaitegira joan; haien abokatuek eta kazetari ugarik bertatik izan dute epaiaren berri.
ADI ustelkeriaren aurkako elkarteak erantzuteko mobilizazioa deitu du dagoeneko. 19:00etan izango da Andre Maria Zuriaren plazan eta epaiaren balorazioa egingo dute bertan.
Espetxe-zigorrak, inhabilitazioak eta absoluzioak
Gainontzeko akusatuen inguruan bildutako azken datuen arabera, zigor baxuagoak eta absoluzioak. Auziperatutako 26 pertsonetatik, guztira 15 zigortu dituzte.
Xabier Sanchez Robles -gehienez 5 urte eta 3 hilabete-, Iñaki San Juani -5 urte-, Josu Montesi -4 urte eta 4 hilabete-, Jon Iñaki Etxabururi -2 urte eta 5 hilabete- eta Sergio Fernandez Oleaga -urte eta erdi- akusatuei espetxe barruan bete beharko dituzten zigorrak ezarri dizkiete.
Espetxera sartu behar ez direnen artean, Josu Arruti -urtebete eta 6 hilabete-, Jesus Arruti -9 hilabete-, Alfonso Arriola -8 urteko inhabilitazioa-, Maria Justina Angulo -9 urteko inhabilitazioa- edota Julian Sanchez Alegria -14 urteko inhabilitazioa-.
Beste 11 akusatu absolbituak izan dira: Gurutz Larrañaga, Araceli Bajo, Miren Lourdes Bilbao, Aintzane de Miguel, Prudencio del Hierro, Estibaliz Arruti, Gorka Errasti, Francesc Fernandez, Placid Casas, Joaquin Sabater eta Ramon Tomas.
'De Miguel' auzia, hamar urteko prozesua
Orain arte, ustezko ustelkeriagatik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egindako epaiketarik handiena izan da: 26 akusatu daude, tartean Arabako EAJren hainbat agintari ohi.
2009ko abenduaren 2an hasi zen dena, Ainhoa Alberdi enpresariak Fiskaltzaren aurrean egindako salaketa baten harira. Alberdik De Miguel salatu zuen, garai hartan Tokiko Administraritzako foru ahalduna bera, 100.000 euroko komisioa eskatu ziola, Arabako Teknologia Parkearen handitzeko prozesuan bitartekari-lanak egiteagatik.
Iñigo Urkullu egungo lehendakaria alderdiaren presidentea zen orduan, eta eskatu zien auzipetuei alderdiaren txartela emateko, alderdiak kalterik ez pairatzeko. EAJrekin lotura zuten akusatuek dimisioa eman zuten, 2010ean atxilotu zituztenean.
Ia hamar urteko itxaronaldiaren ostean, epaiketa 2018ko urtarrilaren 8an hasi zen, eta urte horretako abenduaren 19an geratu zen epaiaren zain.
Ministerio Publikoaren arabera, De Miguel, Otxandiano eta Telleria sare bateko buruak ziren; horren xedea zen, EAJrekin zuten lotura baliatuta, alderdi horrek zuzentzen zituen erakundeetan kontratu eta esleipenak lortzea, bai eta lehiaketa horietan aurkezten ziren enpresen komisioak bereganatzea ere.
"Gauza batzuk gaizki egin ditut, eta damutzen zait, benetan; atzera bueltatu ahalko banu, ez nituzke egingo, inolaz ere ez. Baina inoiz ez dut deliturik egin; are gutxiago, egotzi dizkiguten delitu horiek", esan zuen De Miguelek, azken hitza erabiltzeko eskubidea gauzatu zuenean.