22. Korrika amaituta, horren gaineko balorazioa egiteko prentsaurrekoa egin du AEK-k gaur goizean, Donostiako Bulebarrean. Gogora ekarri dutenez, aurtengo Korrikaren barruan, AEK-k euskara ikasteko doakotasunaren aldeko kanpaina jarri zuen martxan, eta helburu hori berretsi du AEKren koordinatzaile nagusi Alizia Iribarrenek, administrazio publiko nagusiei "erabaki ausartagoak" eskatuz.
"Euskal Herrian euskaraz biziko bagara, gakoa izango da helduen euskaraz aritzeko gaitasun egokia zabaltzea, baita euskaltegietan zerbitzua doan jaso ahal izatea ere", adierazi du Iribarrenek.
Horrekin batera, herritarrei adierazi die euskaltegiak "zabal-zabalik" dituztela, "euskara lantzeko, gaitasun egokia eskuratzeko edo gehiago erabiltzeko"; bereziki "euskara ulertu ez eta Korrikan parte hartu dutenei" zuzendu die mezua AEKren ordezkariak: "Milaka lagunek egin dute lehen ere, eta ezin duzue imajinatu zer esperientzia izango den Korrikaren hurrengo edizioan parte hartzea dagoeneko euskaraz jakinda".
Hurrengo Korrika, 2024an
Azkenik, 23. Korrikaren data jakinarazi du Asier Amondo Korrikaren koordinatzaileak: bi urte barru izango da, 2024ko martxoaren 14tik 24ra, eta hemendik aurrera urte bikoitietan egingo da.
Amondoren hitzetan, aurtengo edizioak erakutsi du "jendeak Korrikaren gogo bizia zuela", eta hasieratik nabaritu dute Korrikak "maila bat gora" egin duela. AEKren ordezkariak ospatu du 22. Korrika "mundiala" eta "epikoa" izan dela, eta ekimenaren helburu ekonomikoari eutsi beharko zaiola azpimarratu du.