'UHINAK' DOKUMENTALA

Hitzekin bada posible eraikitzea

Juanma Gallego 2022ko api. 2a, 10:00

Itxaso Balza de Vallejok eta Miryam Quintanak parte hartu dute Korrikaren dokumentalean. AEK

Korrikarekin batera Uhinak dokumentala iritsi da, hitzekin sor daitezkeen errealitateen erakusle. Euskal Herri osoko testigantzekin osatu dute, tartean Miryam Quintana eta Itxaso Balza de Vallejo arabarrenekin.

Gauzak asko aldatu dira 1980tik hona. Kanpoko itxurei erreparatuta bederen, agerikoak dira denbora tematiak irudietan eta oroitzapenetan marraztu dituen aldeak. Zuri beltzeko lehen irudi horietan dauden pankartak eta janzkerak; inguruan dauden ibilgailuak... horiek guztiak urrutiko mundu baten parte iruditzen zaizkigu orain. Baina oinarrian dagoen izaera, funtsean, ez da gehiegi aldatu. Euskal Herriak korrika jarraitzen du, hizkuntzari orainaldi eta etorkizun duin bat bermatzeko ahaleginean.

Istorioak kontatzeko baliabideak, ordea, asko eraldatu dira urteak igaro ahala, eta hori erraz ikusten da 22. Korrikarako egin duten Uhinak izeneko dokumental berezian. Ez da soilik teknika kontua, nahiz eta hori ere aise igartzen den, noski. Giza belaunaldien antzera, ikus-entzunezkoan belaunaldiak ere bereizten dira Txakur Gorria sormen kolektiboak zuzendu duen dokumentalerako aukeratu dituzten irudietan.

Ikus-entzunezkoan, teknologiak ez du ezkutatu une xeheen edertasuna

Super 8 motako kamera analogikoekin egindako grabazio kaskar horietan abiatuta —arrakala txikiez eta ile itxurako hariztiez beteak—, VHS bidez grabatutako irudietara igarotzen da, pixel digitalak existitzen ez ziren garai batean hain berezkoak ziren laukidun itxurako ehundura horiek gogora ekarrita.

2022an grabatutako irudien bereizmen itzelak orainaldira ekartzen gaitu berehalakoan, drone bidezko irudi eta guzti. Baina ikus-entzunezkoan teknologiak ez du ezkutatu une xeheen edertasuna.

Mezuari berari dagokionez, hainbat euskal hiztunen testigantzatan oinarritu dute dokumentala. Egurrezko aulki sinple batzuk eta hitzak, horiek baino ez dituzte behar izan hizkuntzaren gaineko kontakizuna osatzeko. Kontaketa nahiko poetikoa, egia esanda. Giro berezi horretan, ordu erdiz, hitzekin jolastu dute.

Bederatzi paisaia

Euskal Herri osoko bederatzi lagunengana jo dute, beste horrenbeste paisaia marrazteko. "Bederatzi errealitate linguistiko eta emozional", egileen hitzetan. Horien artean egon dira Miryam Quintana kanpezuarra eta Itxaso Balza de Vallejo maeztuarra. Haiek ere aulki urdin banatan eseri dira, kamera baten aurrean.

Duela bi edizio Korrika Kanpezutik igaro zeneko oroitzapenak datozkio Itxasori Korrika aipatzen zaionean. Herrikoak Nafarroako mugaraino iritsi zirenekoa, eta, behin herrian bueltan zirela, herriko plazan argazki polit bat atera zutenekoa. Miryami, berriz, irudi asko datozkio gogora. Baina, horien artean, eskuz esku pasatzen den lekukoaren indarra nabarmendu nahi izan du. Eta une azkar, arin eta magiko hori are ederragoa bihurtzen da alaba bera denean ezustean lekukoa pasatzen dizuna.

Kasualitatez, biak ala biak, berdez amesten dute. Gris kolorea aipatzean, tortura datorkio Miryami, eta enbata Itxasori. Horia aipatzean, konplizitatea indartu egiten da. Miryamek bizinahia aipatu du. Itxasok, berriz, alaitasuna.

Hitzak, adreilu

Ez dira koloreetan geratu, eta bestelako zentzumenetan sakondu dute. Sinestesia ariketa batean bezala, ama eta gaua hitzek omen dute zapore gozoa. Usainaz galdetuta, berriz, Itxasok argi du euskarak baratzeko lurraren edo belar bustiaren usaina duela. "Zerbait jasotzerakoan, jasotzen duzun usaina", hain justu. Miryamek, berriz, hizkuntzari usain zitrikoa antzematen dio, "freskotasunaren" adierazle. Desagerrarazteko hitzen artean, menpekotasuna eta matxismoa aipatu dituzte. Ondorengoei utzi beharrekoaz, berriz, askatasuna eta eskuzabaltasuna.

Kontakizuna Hatxeren musikarekin eta Lorea Agirreren off ahotsarekin osatu dute, argi utzita hitzek ere munduak sortzeko gaitasuna dutela. Hogeita bigarrenez, lan hori egingo dute. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago