Eskubidea, baina hankamotz

Erredakzioa 2022ko mar. 30a, 17:20

Euskararen ezagutzaren "unibertsalizaziorako", doakotasunaren beharra aldarrikatu du AEK-k. ALEA

Lan munduan euskara doan ikasteko dinamika berria abiatu du AEK-k, baina erakundeak aurreratu du ekimena beste zenbait esparrutara zabaldu nahi dutela. Hilaren 4an adierazpen zabalagoa egingo dute.

Hitzekin. Denok euskara doan izeneko dinamika martxan jarri du AEK-k, euskararen doako irakaskuntza sustatzeko. Erakundeak prentsa ohar batean adierazi duenez, euskararen "ezagutzaren unibertsalizazioaren beharra" jorratu nahi dute ekimen berri honen bitartez.

Hitz gutxitan, euskara ikasi nahi duten guztiek horretarako aukera izatea lortu nahi dute, ordaindu behar izan gabe. 22. Korrikari loturik aurkeztu dute dinamika hau. Hain justu, aurtengo ekimenarekin hitzetatik ekintzetara igarotzeko beharraren baitan kokatu dute ekimena.

Lehen akordioa

ELA eta LAB sindikatuekin egin dute lehen akordioa; horri esker, zenbait enpresatako langileei doako klaseak emango dizkie AEK-k. Instituzioetara joko dute ondoren, jardun hori finantza dezaten.

Garbilan eta Iberdrola enpresetako hainbat langileri hasi zaizkie klaseak ematen. Lan mundua euskaldundu ahal izateko, administrazioen aldetik "erabaki ausartagoak" hartu beharko direla aurreratu dute ekimenaren aurkezpenean. Modu berean, langileen ordezkari batek ohartarazi du euskara ikastea "norberaren boluntarismotik" haragoko zerbait izan behar dela. 

Besteak beste, euskara ikasteko denbora ziurtatzea eta zerbitzu hori doakoa izatea gako dela aldarrikatu dute. Iragarri dute "dinamika zabalagoaren isla" direla hasierako urrats hauek, eta hilaren 4an Donibane Garazin adierazpen bat egingo dutela beste euskaltegi askoren ordezkariekin batera.  

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago