Korrika iristear dagoenean, komeni da berotzen hastea, batez ere urtean zehar gehien egiten den kirola netflixing-a den kasuetan. Anbulategirako edo fisioterapeutarako bidaia aurreztuko da horrela. Baina antolaketa lanek ere behar dute berotze hori, den-dena behar bezala atera dadin. Eta horretan ari dira orain, hain justu, antolatzaileak zein ekimen mitikoaren inguruan bildutako gehienak.
Beroketa lan horietan, Arabako ALEAk ere badu zerbait ezagutarazteko. Izan ere, une batez kamerak eta grabagailuak utzi eta GEU eta Lazarraga elkarteetako lagunekin aterako gara hedabide xume honetako langile eta kolaboratzaileak, 348. kilometroa elkarrekin egiteko. Andre Maria Zuriaren plazan izango da hitzordua, apirilaren 1ean, 19:30etik aurrera. Gasteizko Udalaren partez lekukoa hartu eta Hala Bedi eta Gaztetxeari pasako diogu, zubi-lana eginez.
Zozketa baten bitartez, ALEA komunitateko kide batek lekukoa eramateko ohorea izango du gainera, GEU eta Lazarraga elkartearekin batera. Zeresanik ez dago ALEAkide eta irakurle guztiak gonbidatuta zaudetela kilometroa egitera.
Webgune honetan bertan ibilbide osoa eskuragarri dagoen arren, Gasteizko labirintoan ez galtzeko, AEK-rekin elkarlanean eta Vital Fundazioaren laguntzarekin, mapa berezia aterako du ALEAk paperean. Guztira, maparen 20.000 ale banatuko dira, euskaltegi, ikastetxe eta beste hainbat tokitan; 5+11 Fundazioak ere banaketa lanetan lagunduko du.