Oihanederren ikusgai izango dira Oporklik! lehiaketako argazkiak

Erredakzioa 2021ko urr. 26a, 16:50

Zazpi irabazleen lanetako lagina. / ALEA

Urriaren 27tik azaroaren 14ra bitartean ikusgai izango dira Oporklik! udako argazki-hizki lehiaketak utzitako lan guztiak, Oihaneder Euskararen Etxeko Jovellanos aretoan. Asteazken honetan 19:00etan izango da erakusketaren inaugurazioa.

Aurreko edizioetan bezala, Oporklik! lehiaketa erakusketa batekin borobilduko da. Urriaren 27tik azaroaren 14ra bitartean, argazki sarituak ikusgai izango dira Oihaneder Euskararen Etxea - Montehermoso Kulturuneko Jovellanos aretoan. Argazki irabazleez gain, gainerako lanak ere ikusi ahal izango dira pantaila digitaletan.

Gainera, datozen asteetan erakusketa ikustera hurbiltzen diren lagunek zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute. Zozketaren irabazleak sari eder bat eramango du: La Leze kobazuloko jaitsiera bi lagunentzat (Inguru Abenturak gidatuta) eta lau lagunentzako bisita eta ardo dastaketa Candido Besa upategian.

Erakusketaren inaugurazioa asteazken honetan bertan izango da, hilaren 27an, 19:00etan. Horren ostean, astelehenetik igandera bisitatu ahal izango da; goizez 11:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez 18:00etatik 21:00etara.

https://oihaneder.eus/wp-content/uploads/2021/10/OPOR-CLIK-ERAKUSKETA-2021_KARTELA-2_JPG-scaled.jpg

 

Zazpi irabazle

Irailaren 24an iragarri genuenez, Oporklik! udako argazki-hizki lehiaketak zazpi irabazle utzi ditu aurten: Estibaliz Aguirre Lopez de Munain, Pero Lope, Iñaki Sanchez Ciarrusta, Maria Furundarena, Iñaki Diez Ozaeta, Mitxel Elortza eta Jitka Raskova.

Udan zehar egindako bidaiak zein bizitako esperientziak argazkien eta hitzen bidez kontatzea izan du oinarri Oporklik! udako argazki lehiaketak. Irailaren 15era bitartean, proposatutako lau kategorietan, 84 lan jaso zituen Oihaneder Euskararen Etxeak, Gauekoak programak eta ALEAk elkarlanean antolatutako lehiaketak: 26 gazteei zuzendutako bi ataletan eta 58 helduentzako bi kategorietan.


Lan guztiak eta sailkapena

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago