Udan zehar ikusitakoak, zein bizi izandakoak, irudi bakarrean jasotzea lan nekeza izan arren, dozenaka lagunek bizipen horiek ezin hobe islatu dituzte Oporklik! argazki lehiaketan. Zehazki, 84 proposamen jaso ditu Oihaneder Euskararen Etxeak, Gauekoak eta ALEAk elkarlanean antolatutako lehiaketak.
Lau kategoria daude lehian: argazki bakarrekoak batetik, eta testuz lagundutako argazki-sortak bestetik; hauetariko bakoitzean adin-tarteka banatu dira parte-hartzaileak gainera. Parte hartzea itxi bitartean, azken unera arte jaso dira proposamenak: 26 hautagaitza 30 urtetik azpikoen artean eta 58 proposamen 30 urtetik gorakoen artean.
Boto ematea eta epaia jakinaraztea
Sari ugari ditugu lehian, eta lehiaketaren oinarrietan jaso bezala, batetik, argazki-sorten kategoriako irabazleak epaimahi batek erabakiko ditu. Epaia irailaren 24an ezagutaraziko da, baina bien bitartean jasotako irudi guztiak ikusgai daude Oporklik lehiaketako atal berezian.
Eta bestetik, argazki bakarreko kategorien kasuan, irabazleak boto herrikoi bidez erabakiko dira. Boto ematea irailaren 23ko gauerdian itxiko da, eta ALEAren webgunean bertan egin ahalko dute herritarrek beraien aukeraketa. Erabiltzaile bakoitzak hiru boto eman ahalko ditu adin tarte bakoitzean.
Gainera, dagokien saria jasotzeaz gain, lanik onenak Oihaneder Euskararen Etxean antolatuko den erakusketan egongo dira ikusgai, urriaren 27tik azaroaren 14ra bitartean.